Udalaren egoera ekonomiko-finantzieroa osasuntsua dela erakusten dute datuek

Erabiltzailearen aurpegia Villabonako Udala 2026ko maiatzaren 5a

Datu guztiak aztertuta, ukaezina da azken urteetan egindako kudeaketa ekonomikoa zentzuzkoa eta jasangarria izan dela.

Pasa den urteko Udalaren kudeaketa ekonomikoaren emaitzak datu oso positiboak eman ditu. Aipagarria da Udalak errealitatean kudeatutako aurrekontua, urte hasieran aurreikusitakoa baina handiagoa izan zela. Zehazki aurrekontu erreala 11.726.116 eurokoa izan zen, udalak inoiz izandako handiena.

Bestalde, azpimarratu behar da Udalak bere gastuen eta inbertsioen exekuzio gaitasun handia erakutsi duela, 2025ean gauzatutako inbertsioak 1.823.000 eurora helduz. Inbertsio aipagarrienak honakoak izan ziren: Txermingo aparkalekuaren eraberritzea, ur parkea Erreboteko plazan, Graficas Leizaolako pabiloiak botatzea, kaleak garbitzeko makina berria, kiroldegiko kantxa berritzea, asfaltatzeak, kaleko argien aldaketa, eta hobekuntza lanak hilerrian, kiroldegian, Arratzain futbol zelaian edota Gurea zinean, besteak beste.

Diru-sarrerei dagokionez ere, iazkoa urte oso emankorra izan zen %14,3ko hazkundea lortu baitzen. Horrekin batera Udalak solbentzia ekonomiko handia erakutsi du 2025eko aurrekontu-emaitza + 1.252.873 eurokoa izan baita.

Udalaren diru-gerakinari dagokionez, 2025eko aurrekontuaren itxiera egin ondoren guztira 4.045.000 eurokoa izatera heldu da. Zifra hau oso positiboa da, Udalak ez-ohiko inbertsio garrantzitsuak egiteko gaitasuna izango duelako gerakineko diru-funtsa erabiliz.

Udalaren zor publikoari dagokionez, jaisten jarraitzen du eta une honetan soilik %3,1ekoa da. Udalak urteak daramatza mailegurik eskatu gabe eta zorpetu gabe.

Udalaren ondareari dagokionez, 2025ean 525.000 eurotik gorako hazkunde nabarmena izan du eta 18.870.000 euroko zifra gainditu du.

Datu guzti hauek aztertuta, ukaezina da azken urteetan egindako kudeaketa ekonomikoa zentzuzkoa eta jasangarria izan dela, ez baita ohikoa 2010. urtetik inbertsio gehien egin den urte berean, zor publikoa jaistea eta aurrekontu-emaitza positiboa izatea.

Hala ere, 2024 eta 2025 urteen artean inbertsioek izandako igoerak, gastu-araua urratzea eragin du, eta Udalak plan ekonomiko-finantzieroa egin eta Udalbatzak aho batez onartu du.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA