Herriko lokal hutsetan jarduera berriak sortzeko udal dirulaguntzak martxan

Erabiltzailearen aurpegia Villabonako Udala 2026ko apirilaren 23a

Merkataritza-ekintzailetza sustatzeko dirulaguntzen deialdi berri bat abiarazi du Udalak. Ekimenaren helburua da tokiko ekonomia suspertzea eta herriko lokal hutsei erabilera ematea. 15.000 euroko partida bideratuko du Udalak horretarako.

Dirulaguntza lerro honek hutsik dauden lokalak alokatzeko laguntza-ekonomikoak aurreikusten ditu. Horrela, lehenengo 12 hilabeteetan, alokairuaren kostuaren % 50 lagunduko da diruz (gehienez 400 euro hilean) eta % 40 bigarren urtean (300 euro arte). Era berean, lokalak erosteko laguntzak ere eskaintzen dira, lokalaren erosketa-prezioaren % 4ra arte iritsi daitezkeenak, 5.000 euroko mugarekin.

Gainera, sustatzailea lokalaren jabea bada eta negozio berri bat abiarazi nahi badu, jarduera berria sortzeak eragindako gastuen % 50 finantzatuko du Udalak — obrak, ekipamenduaren erosketa edo aholkularitza gastuak — proiektu bakoitzeko 2.000 euro gehienez ere.
Aldiz, dagoeneko martxan dagoen lokal bateko jarduera mantentzeko edo beste bat sortzeko, eskualdaketa eragindako gastuak ere diruz lagunduko dira.

Udalak Amasa-Villabonako merkataritza eta gizartea dinamizatzen laguntzen duten proiektuak lehenesten ditu, bereziki txikizkako merkataritzari edo herritarrei zuzendutako zerbitzuei lotutakoak. Kanpoan geratzen dira apustu-etxeak, finantza-erakundeak edo jendaurreko harrerarik gabeko negozioak.

Eskabideak 2026ko abenduaren 31ra arte aurkeztu daitezke, modu telematikoan edo udaletxean bertan aurrez aurre.

Neurri honekin, Udalak ekintzailetza sustatu, enplegua sortu eta gaur egun erabiltzen ez diren espazio komertzialei bizitza berria eman nahi die.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA