Udalak 119.000 euro inbertitu ditu 2025 urtean Fleming Herri Eskolako instalazioak hobetzeko

Erabiltzailearen aurpegia Villabonako Udala 2026ko urtarrilaren 21a

Egindako inbertsio guztiak Fleming Herri Eskolako zuzendaritzaren eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien adostasunarekin egin dira.

Udalak, 2025. urtean ere, apustu garrantzitsua egin du herriko hezkuntza publikoaren mesedetan, eta guztira 119.094 euro inbertitu ditu Fleming Herri Eskolaren eraikinetan edo eskola-azpiegituretan hainbat hobekuntza egiteko.

Inbertsio hauen helburua hezkuntza publikora zuzendutako instalakuntzak eraberritzea, irisgarritasun baldintzak hobetzea eta hezkuntza jardueretarako erabiltzen diren espazioak modernizatzea izan da, ikasleei eta irakasleei baldintza hobeak eskaintzen laguntzeko.

Azpimarragarria da egindako inbertsio guztiak Fleming Herri Eskolako zuzendaritzaren eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien adostasunarekin egin direla. 2025. urtean Amasa-Villabonan urtez-urte eskola publikoan egingo diren inbertsioak adosteko Batzorde berezi bat eratu zen, Fleming Herri Eskolako zuzendaritza taldearen, Flemingoak guraso elkartearen, Udal gobernuko ordezkarien (alkatea eta hirigintza zinegotzia), oposizioko alderdien (EAJ-PNV eta PSE-EE) ordezkarien eta Udal teknikarien (arkitekto teknikoa eta hezkuntza teknikaria) parte hartzearekin. Batzorde honek bere ibilbidearekin jarraituko du aurrerantzean ere.

Burutu diren inbertsio guztien artean, azpimarragarriena Arroa auzoko Haur Hezkuntzako eraikinean igogailu bat jartzea izan da. Igogailu hori funtsezkoa da ikastetxeko beheko solairuaren eta goiko solairuaren arteko irisgarritasuna bermatzeko. Izan ere, orain arte ez zegoen ikasle eta hezkuntza-langile guztientzako sarbide irisgarria ahalbidetuko zuen baliabide mekanikorik.

2025. urtean Fleming herri eskolan egindako inbertsioak:

  • Arroako eraikinean igogailua ezartzea: 46.657 €
  • Arroako eraikin osoko eta Arratzaingo behe eta lehen solairuetako argiak LED teknologiara aldatzea: 28.644 €
  • Arratzaingo eraikinean psikomotrizitate gela sortzea: 13.010 €
  • Arratzaingo eraikineko hiru gelatan lur berria jartzea: 12.473 €
  • Arroa eta Arratzaingo eskola eremuetan parke inklusiboak sortzea: 7.646 €
  • Arroako eraikinerako mahai eta aulki berriak erostea: 4.964 €
  • Arroako eraikineko berogailu sistemaren aztertzea: 2.546 €
  • Arroako eraikineko barandilak babestea: 2.162 €
  • Arratzaingo eraikineko pertsianak berritzea: 992 €

Udalak inbertsio hauetako gehienak aurkeztu zituen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko “Udaleraiki” dirulaguntzara eta guztira 50.006,84 euroko dirulaguntza eskuratu zuen iaz. Dirulaguntza hau ezinbestekoa izan da aipatutako inbertsioak finantzatzeko.

Udalak nabarmendu du hezkuntza publikoa lehentasuna dela eta inbertsio hauek hezkuntza-komunitateak planteatutako beharrei erantzuten dietela. Beraz, Udalak, berretsi egiten du irakaskuntza publikoarekin duen konpromisoa eta lanean jarraituko du gaur egungo beharretara egokitutako kalitatezko ikastetxeak bermatzeko.

Aipagarria da Udalbatzak onartutako 2026. urterako Udal-Aurrekontuan 70.000 euroko partida ekonomiko bat dagoela aurten ere Fleming Herri Eskolan inbertsio berriak egiten jarraitzeko.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA