Salbadora Jubilatuen Etxeko taberna ustiatzeko lehiaketa publikoa abiatu du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Villabonako Udala 2026ko urtarrilaren 8a

Interesdunek urtarrilaren 9tik 23ra arteko epea dute eskaerak aurkezteko.

Salbadora Jubilatuen Etxeko tabernaren ustiaketa esleitzeko lehiaketa publikoa zabalduko du bihar Udalak. Interesdunek, beraz, urtarrilaren 9an hasi eta 23ra arteko epea dute eskaerak aurkezteko. Kontratuaren hasierako iraupena bi urtekoa izango da, eta urtez urte luzatu ahal izango da, gehienez ere, lau urtera arte.

Kontratuaren helburua kalitatezko taberna eta jatetxe zerbitzua eskaintzea da, erretirodunentzat eta pentsiodunentzat bereziki pentsatua, baina herritar guztientzat irekita egongo dena.

Prozeduraren epeak
Kontratazio-prozesuak bi fase izango ditu: Lehenengo fasean parte hartzeko eskaerak jasoko ditu Udalak, eta baldintzak betetzen dituzten hautagaien artean aukeraketa egingo du. Horrela, taberna ustiatzeko interesa dutenek, 15 egun naturaleko epea izango dute eskabidea aurkezteko; urtarrilaren 9tik 23ra, hain zuzen ere. Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan (08:00 – 14:00 ordutegian) edo erregistro elektronikoaren bitartez aurkeztu beharko da hautagaitza.
Bigarren fasean proposamenak aurkeztu beharko dira. Eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten hautagaiak aukeratu ondoren, Udalak eskaintza aurkezteko gonbitea egingo die hautatutakoei. Hauek, gonbidapena bidaltzen zaienetik 10 egun naturaleko epea izango dute proposamenak aurkezteko.

150 euroko kanona, gutxienez
Esleipendunak hilean, gutxienez, 150 euroko kanona ordaindu beharko dio Udalari. Hautagaiek kopuru hori igotzeko aukera izango dute aurkeztu beharreko proposamenean.

Gizarte- eta hurbiltasun-zerbitzua
Pleguak erretirodunei eta pentsiodunei prezio bereziak eskaintzeko betebeharra ezartzen du, baita menuen eskaintza anitza ere. Era berean, produktu jasangarriak, ekologikoak, bidezko merkataritzakoak eta zero kilometrokoak erabiltzea baloratuko da.
Zerbitzua euskaraz eta gaztelaniaz eman beharko da, erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatuz.

Lizitazio honen bidez, Villabonako Udalak Salbadora Jubilatuen Etxearekin duen konpromisoa berresten du, elkarbizitzarako eta gizarte-topaketarako gune gisa.

Euskadiko Kontratazio Plataformaren iragarkia

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA