2026 urteko udal aurrekontu osoa 8.604.100 eurokoa izango da, eta honako kapitulu hauetan banatzen da:
- Pertsonal gastua: 2.909.404 euro
- Gastu arruntak eta udal zerbitzuak: 3.598.138 euro
- Dirulaguntzak eta ekarpenak: 1.181.285 euro
- Inbertsioak: 757.573 euro
- Finantza gastuak: 12.700 euro
Pertsonal gastua
Udal langileen gastuari dagokionean, aurtengo aurrekontuarekin alderatuta %5,6ko jaitsiera jasotzen du 2026 urtekoak. Datorren urtean udal langileen soldaten igoera %1,5eko izango bada ere, datorren urtean ez dira egongo aurten izan diren langileen egonkortze prozesu ezberdinek sortutako gastuak, edota praktikaldietarako ordaindu beharreko kopuruak.
Gastu arruntak eta udal zerbitzuak
- Gizarte zerbitzuak: 873.245,57 euro. Sail honek, 2025 urtearekin alderatuta, %10eko igoera izango du. Prebentzio eskuhartze programetara bideratuko den diru kopuruak gorakada nabarmena izan du; 2025 urtean 160.543 euro izatetik, 2026an urtean 207.861 euro izatera igoko baita. Bestalde, datorren urtean adinekoen arreta zerbitzua martxan jartzea aurreikusten da.
- Ingurumena eta mendiak: 721.638 euro. Sail honen aurrekontuak %5,50eko hazkundea izango du datorren urtean. Besteak beste, erreken garbiketara eta hondakinen kudeaketara bideratzen den diru kopuruak gora egingo du. Eskola Agenda 2030 ekimenaren baitan mugikortasun jasangarriarekin lotutako ekintzetara bideratuko den aurrekontuak ere igoera izango du. Gainera, datorren urtean Ingurumen sailak Amasamendiko kudeaketa plana 2026-2036, Klima larrialdiaren aurkako udal-plana eta amiantoaren herri-inbentarioa bezalako azterketak aurrera eraman eta etorkizunari begirako erabaki garrantzitsuak hartuko dira.
- Euskara: 157.223 euro, 2025 urtearekin alderatuta %5eko igoera izango du. Euskarak pairatzen duen gainbeherari aurre egin nahi dio Udalak, eta horretarako, besteak beste, euskara errefortzu klaseetara 16.704 euro bideratuko ditu. Datorren urtean izango den Korrika egitasmoarentzat ere 3.950 euroko partida aurreikusi du.
- Hirigintza eta Zerbitzuak: 913.422 euro (+%17). Batez ere mantenu eta konponketa gastuen igoerak eta Olaederra kiroldegiko energia gastuek eragin dute 2026. urtean sail honek izango duen aurrekontuaren igoera.
- Kultura: 690.030 euro (+%1). Aldaketa esanguratsu gutxi izango dira Kultura sailari dagokionez. Igoera aipagarrienak Santio jaietarako (+%5) eta urteko Kultur ekintzetarako (+%3) aurrekontuek edukiko dituzte.
- Zerbitzu Orokorrak 441.194 euro (+%0,31). Alor honetan ere, aurrekontua ia bere horretan mantentzen da, Artxiboko lanen kontratuak izango du igoerarik aipagarriena (%50eko hazkundea).
- Kirolak 386.899 euro (-%28). Batez ere Olaederra kiroldegiko ekarpen ekonomikoaren murrizketa nabarmenak (-%41,6) eragin du sailaren aurrekontua jaistea.
- Hezkuntza 260.882 (=). Hezkuntza sailaren aurrekontua 2025ekoaren ia berbera izango da, aldaketa aipagarri bakarra Seaska haur eskolaren 50. urteurreneko ospakizunetarako ezarri den 5.000 euroko diru partida berria da.
- Gazteria 126.936 euro (+3%). Gazteei zuzenduriko ekintzetarako sortu den aurrekontu partida berriak eragin du sail honetako aurrekontuaren hazkundea.
- Udal Gobernua 166.449 euro (-%0,07). Azken urteetako joerarekin jarraituz, udal gobernuaren edo alkatetzaren gastuek behera egiten jarraitzen dute.
- Udaltzaingoa 54.200 euro (+%10). 2026. urtean Amasa-Villabonarako Larrialdietarako Plan berria osatuko da eta horretarako 15.000 euroko diru partida sortu da.
Dirulaguntzak eta Ekarpenak
Herriko elkarte eta eragileek 2026an jasoko dituzten dirulaguntza gehienak bere horretan mantenduko dira. Ondorengoek, ordea, gehikuntza izango dute jasotzen duten udal-dirulaguntzan:
- Eresargi abesbatza: %57ko igoera.
- Irrintzi Txirrindularitza Elkartea: %50eko igoera.
- Behar Zana Pelota Elkartea: %13ko igoera.
- Irabazi gabeko gizarte-ongizate erakundeentzat dirulaguntzak: %20ko igoera.
Bestalde, Euskal Herriko Mus Federazioari 2.000 euroko dirulaguntza berezia emango zaio, 2026. urteko Euskal Herriko Mus Txapelketako finala Amasa-Villabonan jokatuko baita.
Herriko merkataritza sustatzeko diru partidak
Nabarmentzekoa da, 2026 urtean, Udalak 96.500 euro bideratuko dituela tokiko merkataritza bultzatzera eta sustatzera:
- Dirulaguntza Oria Merkatarien Elkarteari: 13.000 euro
- Kontsumo Bonoen kanpaina 2026: 57.000 euro
- Establezimendu berrien irekierarako dirulaguntzak: 15.000 euro
- Herriko merkataritzaren sustapena: 10.000 euro
- Errotuluak euskaraz jartzeko dirulaguntzak: 1.000 euro
- Web orriak egiteko dirulaguntzak: 500 euro
2026an egingo diren inbertsioak
Udalak 757.573 euro bideratuko ditu 2026an egingo diren inbertsioetara. Besteak beste, jarraian aipatutakoak nabarmentzen dira:
- Fleming Herri Eskolan obrak: 70.000 euro
- Agaraitz industrialdeko saneamendua: 57.500 euro
- Energia planeko inbertsioak: 30.000 euro
- Etxeondo auzoko berrurbanizazio lanak: 30.000 euro
- Klima aldaketaren aurkako plana: 18.150 euro
- Amasamendiko antolaketa plana 2026-2036: 18.150 euro
- Hondakinak kudeatzeko ekarpen gunea:15.000 euro
- Liburutegiaren eraberritzea: 10.000 euro *
- Irisgarritasuna hobetzeko lanak: 12.000 euro
- Bidegorrietan inbertsioak: 10.000 euro
* Udal gobernu taldeak jakinarazi duenez, 2026. urtean Udal Liburutegia handitu eta eraberritzeko proiektua gauzatuko litzateke, guztira 800.000 euroko aurrekontuarekin (ez-ohiko inbertsio handi hau udal gerakineko funtsetik finantzatuko litzateke).
Horrekin batera, aipagarria da Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako akordioa betez, Udalak dagoeneko 700.000 euroko diru-funtsa sortua duela Amasa eta Villabona lotzen dituen errepidea zabaldu eta alboan espaloia eraikitzeko proiektua gauzatzeko. Udal gobernu taldearen helburua obra handi hau 2026an zehar egitea da.