Arratzaingo futbol zelaian entrenamendu-gune berria sortzeko lanak amaitu dira aste honetan. Zehazki, zelai handiaren hegoaldean 295 metro karratuko azalera duen belar artifizialeko gune osagarri bat sortu da, beroketa eta luzaketa ariketak edo entrenatzeko beste ariketa batzuk egiteko erabili ahal izango dena.
Proiektu hau Billabona FKEko eta Aiztondo NKTko kirol taldeekin lankidetzan garatu du Udalak, izan ere taldeetatik egindako eskaera bati erantzuten dio.
Udalak Eregi Herrilan eta Zerbitzuak S.L. enpresa kontratatu du lanak gauzatzeko eta guztira 47.685,68 euroko inbertsioa egin du.
Aipagarria da Billabona FKEak ere inbertsio bat egin duela, aipatutako gunerako sarbidean (hegoaldeko atearen atzealdeko hormigoizko pasabidean) belar artifiziala ezartzeko, aldagelak eta eremu berria lotuz.
Jarduera honekin, Udalak kirola sustatzeko eta kirol instalazio publikoak etengabe hobetzeko konpromisoa berresten du, beti herriko klub, elkarte eta taldeekin elkarlanean.