Eskola publikoko eraikinetako argiteria berritzen ari da Udala

Erabiltzailearen aurpegia Villabonako Udala

Eskola garaiko oporraldia aprobetxatuz, Fleming Herri Eskolako eraikinetako argiteria berritzen ari da Udala, bai Arratzainen eta bai Arroa auzoan ere. 

Egitasmo honekin, eskola-eraikinen barrualdean (ikasgelak, pasabideak, komunak, irakasle gelak…) orain arte egondako argi-puntu halogeno zaharrak kendu, eta kontsumo baxua duten eta argitasun hobea eskaintzen duten LED argiak instalatzean ari da egunotan.

Udalaren helburua batez ere eskoletan oso garrantzitsua den kalitatezko argiztapena bermatzea da, energia edo argindar kontsumoa murriztearekin batera. Ondorioz, esan daiteke ekimen honek hobekuntza ekarriko duela bai arlo pedagogikoan eta baita eraikin publiko hauen energia jasangarritasunean ere.

Electricidad Zizurkil enpresa ari da argien aldaketa lanak egiten, eta Udalak gauzatuko duen inbertsioa guztira 28.643,52 eurokoa izango da (11.969,68 Arroako zentroan eta 16.673,84 Arratzaingoan). Aipagarria da Arroa auzoko eraikinean argien %100a LED argiak izatera pasako direla eta Arratzainen berriz, argien ordezkapen-prozesua 2026an bukatuko dela.

Inbertsio hau Udalak onartuta daukan Amasa-Villabonako Energia-Planean jasota dago eta plan horren garapenerako diru-funtsetik ordainduko da.

Amaitzeko, Udalak azpimarratu nahi du honako esku-hartzea ere, Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien eta Fleming herri eskolako komunitatearen (zuzendaritzaren eta guraso elkartearen) artean adostu dela, eskola publikoaren azpiegiturak hobetzeko inbertsio-plangintzaren baitan.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA