Astelehenean irekiko da herriko saltokiek aurtengo kontsumo bonuen kanpainan izena emateko epea

Erabiltzailearen aurpegia Villabonako Udala

Herriko merkataritza sustatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du Udalak, eta kontsumo bonuen kanpainaren edizio berri bat abiaraziko du irailaren 10etik abenduaren 24ra bitartean. 

Ekimen honen helburu nagusia Amasa-Villabonako establezimenduetan kontsumoa bultzatzea da, herriko ekonomia dinamizatzea eta udalerriko merkataritza-sarea indartzea.

Kanpainarekin bat egin nahi duten saltokiek, aldez aurretik eman beharko dute izena udalaren web orrian dagoen formularioa betez. Izena emateko epea astelehenean irekiko da, uztailaren 7an, eta uztailaren 21era arte luzatuko da (biak barne).

Azpimarratzekoa da herriko denda guztiek parte hartu dezaketela ekimen honetan, Oria Merkatarien Elkarteko kide izan edo ez. Hau da, Amasa-Villabonako merkatari guzti-guztientzat aukera irekia da, establezimenduei zein herritarrei laguntzeko pentsatua.

Udalak merkatari guztiak animatu nahi ditu kanpaina honekin bat egitera. Izan ere, kanpaina honek, urtez urte, bezeroak erakartzeko, salmentak handitzeko eta hurbileko merkataritzari ikusgarritasuna emateko tresna eraginkorra dela erakutsi du. Aldi berean, bertako merkataritzan erosteak duen garrantzia gogorarazi nahi die herritarrei, erosketa bakoitzak gure herriaren garapen ekonomiko eta sozialari laguntzen baitio.

Kanpainaren hasiera-data hurbildu ahala (irailak 10), xehetasun gehiago emango dira kanpainaren funtzionamenduari buruz eta herritarrek bonuak nola erabili ahal izango dituzten azalduz.

Erosi Villabonan! Elkarrekin gure merkataritza eta herria indartzen ditugu!

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA