Guztira, aparkatzeko 184 plaza izango ditu aparkalekuak, eta horrela banatuko dira: erabilera orokorrerako (autoentzat) 160 plaza, mugikortasun urriko pertsonentzat 5 plaza, autokarabanentzako 10 plaza eta kamioientzako 5 plaza. Horrekin batera, ibilgailu elektrikoentzat lau karga-puntu ere ezarriko dira.
Gainera, aparkalekuaren antolaketa berrira egokitutako argiteria publiko berria ezarriko da, espazio osoan argiztapen hobea bermatuz eta segurtasun baldintzak hobetuz. Honekin lotuta, obraren amaieran egingo den kontratu baten bidez segurtasun kamera bereziak ezarriko dira eta aparkaleku osoa 24 orduz bideo bidez zaindutako gunea izango da. Azken neurri honekin, azken hilabeteetan hainbatetan errepikatu diren autoetan izandako lapurretak eta ekintza bandalikoak saihestu nahi ditu Udaltzaingoak.
Aurreikuspenaren arabera, birmoldaketa lan hauek gehienez 2 hilabeteko epean burutuko dira. Eregi Herrilan eta Zerbitzuak S.L. enpresa arduratuko da lanak gauzatzeaz, eta Udalak guztira 258.821 euroko inbertsioa egingo du.
Birmoldaketa lan hauekin aparkalekua modernizatzeaz gain, erabiltzaile guztientzako espazio funtzionalagoa eta seguruagoa eskaini nahi du Udalak. Horrela, Udalak kanpotik Villabonara datozen ibilgailuek aparkaleku hau erabiltzea sustatu nahi du, bertatik oinez abiatuta, minutu gutxitan Villabonako erdiguneko edozein lekura heldu daiteke eta.
Amaitzeko, lanek irauten duten bitartean enpresak eta Udaltzaingoak emango dituzten abisuak eta argibideak kontuan izan eta betetzeko deia egiten diegu aparkalekuaren erabiltzaileei. Udalak lan hauek ahalik eta eragozpen edo traba gutxien sor ditzaten lan egingo du, beti ere enpresarekin eta Udaltzaingoarekin modu koordinatuan.