Udalekuetako begirale nahiz zuzendari ikastaroa egin duten herritarrentzat dirulaguntza eskatzeko epea ireki du UdalaUdaleko Gazteria sailak dirulaguntza lerro bat abiatu du Udalekuetako begirale edo zuzendari ikastaroak burutu dituzten gazteak diruz laguntzeko. Horrela, 2024an ikastaroa egiten ari diren, edo ikastaroa amaitu duten herritarrek azaroaren 30era arte daukate dirulaguntza eskaera egiteko aukera.
Diruz lagunduko diren ikastaroak
- Aisialdi eskoletan udalekuetako begirale ikastaroa.
- Aisialdi eskoletan udalekuetako zuzendari ikastaroa.
Onuradun izateko baldintzak
Dirulaguntza hauen onuradunak izango dira jarraian zehazten diren baldintzak betetzen dituzten herritarrak.
- Amasa-Villabonan erroldatuta egotea.
- 2024an ikastaroa burutzea, edo burutzen aritzea, edo 2023/2024 ikasturtean aisialdi eskola batean ikastaroa egiteko matrikulatuta egotea.
Ikastaroa bukatzea eta gutxieneko aprobetxamendua izatea. - Gutxienez, %85eko asistentzia izatea.
- Dirulaguntzak jasotzeko inolako debekuren batean sartuta ez egotea.
Eskaerak azaroaren 30era arte
Dirulaguntza eskaerak Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan (Zuretzat) aurkeztu beharko dira, eta azaroaren 30a izango da azken eguna. Eskaera orriarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
- Eskaera orria behar bezala beteta
- NAN agiria
- Matrikula zenbat ordaindu duenaren agiria.
- Eskolako ziurtagiria. Bertan honakoa zehaztu beharko da:
- Ikastaroa amaitu badu, berari dagokion titulua edo ziurtagiria.
- Oraindik ikastaroa amaitu gabe badu, orain arteko asistentzia zenbatekoa izan den (ehunekotan). Ikastaroa amaitzean titulua edo ziurtagiria aurkeztu beharko da.
- Bestelako administrazioei eta erakunde publiko edo pribatuei egindako dirulaguntza eskaeren zein jadanik emandako dirulaguntzen gaineko aitorpena.
Dirulaguntzaren zenbatekoa
Udalak 2024 urtean aipatutako ikastaroak egin izanagatik edo egiten aritzeagatik, gehienez ere, matrikularen %50eko dirulaguntza emango dio eskatzaile bakoitzari, eta, gehienez ere, 300 euroko laguntza jasoko du bakoitzak.