Errefortzuko autobusak hiru zerbitzutan
Amasa-Villabonako herritarrentzat funtsezkoak diren hiru ibilbidetan zerbitzuaren errefortzua ezartzea eskatu zioten udal ordezkariek mugikortasun diputatuari: hain zuzen ere, TO07 lerroan goizeko 07:05etan Larrauldik irten eta Tolosara doan autobusean (batxilergoko ikasleek Tolosako Laskorain Ikastola eta Orixe BHI institutura joateko erabiltzen duten unean), Tolosatik 07:40an atera eta zuzenean Donostiara doan autobus zerbitzuan (EHUko Ibaetako kanpusera doazen unibertsitateko ikasleek gehien erabiltzen duten autobusean) eta Tolosatik 07:00etan abiatu eta Donostiako Ospitalearekin zuzeneko konexioa egiten duen zerbitzuan.
Izan ere, hiru zerbitzu zehatz horietan, egun askotan, autobusak dagoeneko beteta edo ia beteta iristen dira Villabonara, eta erabiltzaileak autobusera igo ezinik geratzen dira maiz. Zailtasun horien aurrean, eta zerbitzuak eskaintzen duen ziurgabetasunagatik, hainbat herritarrek auto pribatua erabiltzeko hautua egin behar izan dute. Zalantzarik gabe, egoera horrek, erakunde publiko guztiek sustatu behar luketen garraio publikoaren erabilerari kalte nabarmena egiten dio.
Lurraldebus zerbitzua Amasara iristeko eskaera
Bestetik, Amasako herritarren aspaldiko eskaerarekin jarraituz, Lurraldebus zerbitzu publikoa Amasara ere iritsi dadila eskatu diote alkateak eta alkateordeak mugikortasun diputatuari. Aipagarria da 2024ko ekainaren 19ko Osoko Bilkuran, Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek aho batez onartu zutela eskaera hau jasotzen duen Erakunde Adierazpena.
Mugikortasun Diputatuaren erantzuna
Bilera giro on eta atseginean garatu zen eta Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuak jarrera baikorra eta erakitzailea erakutsi zuen udal ordezkariek mahai gainean jarritako eskaeren aurrean. Dominguezen esanetan, Aldundiko teknikariek Tolosa-Donostia zerbitzua kudeatzen duen TBH autobusak enpresarekin harremanetan jarri eta irtenbideak bilatuko dituzte aipatutako hiru zerbitzu horien egoera hobetzeko. Era berean, epe laburrean, Udalari erantzunak helarazteko konpromisoa hartu zuen. Amasa-Villabonako udal ordezkariak ados agertu dira erantzunarekin eta Aldunditik etorriko diren berrien zain egongo direla adierazi zuten.
Lurraldebus zerbitzua Amasara zabaltzeko eskaeraren aurrean, diputatuak eskaera kontuan izan eta dagokion bezala aztertuko dutela adierazi zuen. Hala ere aurreratu zuen gai hau konplikatuagoa dela eta ziurrenik denbora gehiago beharko dutela neurriak hartzeko. Izan ere, gaia datorren urtean landuko den Tolosaldeko autobus zerbitzuen emakida berriarekin lotuta dago eta prozesu hori denboran gehiago luzatuko da.