Udalak lagundutako proiektua amaituta, El Salvadorreko Jocoaitiqueko herritarrek uraren hornidura eta saneamendua bermatuta dute

Erabiltzailearen aurpegia Villabonako Udala 2024ko urr. 3a, 12:05

Udalaren eta Euskal Fondoaren artean garatu den urteetako lankidetza emaitza positiboak ematen ari da. Jocoaitiqueko (Morazan iparraldea, El Salvador) komunitatearentzat uraren hornidura eta saneamendua hobetzen dituen ur-tanke edo depositu baten eraikuntza amaitu da hilabete honetan. 

Proiektu hau aurrerapauso garrantzitsua da eskualdeko biztanleen bizi-baldintzak hobetzeko, eta nazioarteko lankidetza solidarioaren onurak islatzen ditu. Ur-tanke berri horren eraikuntzari esker 2.000 pertsona baino gehiagoren higiene eta osasun-baldintzak nabarmen hobetuko dira; Azpiegitura berri honek sarbide fidagarriagoa eta seguruagoa ematen dio edateko urari, eta horrek bizi-kalitate hobea bermatzen die Meanguera, Jocoatique, Torola, Arambala, Villa El Rosario eta San Fernandoko herritarrei.

Amasa-Villabonako Udalak urteak daramatza Euskal Fondoarekin lankidetzan. Erakunde horren bitartez nazioarte mailako hainbat elkartasun proiekturen finantzaketan laguntzen du Udalak, senidetuta gauden El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearen garapena sustatzeko konpromiso irmoarekin. Komunitate honek sekulako sarraskia eta sufrikarioa pairatu zuen El Salvadorreko gerra zibilean eta 1992. urtetik, ia ezertxo ere ez zuten errefuxiatuen gunea izatetik, bizitzeko beharrezkoak diren zerbitzuak dituen komunitatea izatera pasa dira, besteak beste Aiztondoko Udalek egindako ekarpen ekonomikoari esker.

Amasa-Villabonako Udala oso harro dago behar zuen jendeari ur saneamendua eta edateko ura ekarri dien nazioarteko elkartasun proiektu honetan parte hartu izanaz, milaka pertsonaren bizi-baldintzak hobetzen lagundu baitu.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean