2025eko Ordenantza Fiskalak onartu ditu Udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Villabonako Udala 2024ko ira. 26a, 13:52

Amasa-Villabonako Udalbatzak 2025 urteko Ordenantza Fiskalak onartu zituen atzo arratsaldean egindako ohiko osoko bilkuran. Udal Gobernuaren proposamena gehiengoz onartua izan zen EH Bilduko ordezkarien babesarekin eta EAJ-PNV eta PSE-EE alderdikoen abstentzioarekin. Ordenantza Fiskaletan Udalak 2025 urtean jasoko dituen zerga eta tasen kopuruak zehazten dira.

%3,37ko igoera orokorra, udal zerga eta tasetan
Udal Zerga eta tasa gehienek %3,37ko igoera izango dute modu orokorrean. Portzentaje hau 2024. urteko urtarriletik abuztura bitartean Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian eduki dugun KPIaren igoeraren batezbestekoa da. Alegia, Udal tasa eta zergak kontsumorako prezioen indizeak izandako igoeraren neurri berean igoko dira.

Olaederra Kiroldegiko prezioek %5eko igoera izango dute
Olaederra Kiroldegiko tarifak izoztuta mantendu dira urte honetan, kirol kantxaren zerbitzua etenda egon delako. 2025ean, ordea, kirol instalakuntza guztiak erabilgarri egongo dira eta ondorioz prezioak eguneratu egingo dira %5eko igoera aplikatuz. Neurri honen bidez Olaederra Kiroldegiak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea eta iraunkortasuna bermatu nahi dira.

Erroldatuen eta erroldatu gabeen arteko prezio-aldeak ezabatu dira
Auzitegiek ezarritako jurisprudentzia nahitaez aplikatu behar denez, debekatuta dago prezio publiko desberdinak ezartzea udalerrian erroldatuta daudenen eta ez daudenen artean. Beraz, kiroldegiko ikastaro batzuetan eta Udalak antolatzen dituen kultur ikastaroetan prezioak bateratu behar izan dira. Derrigorrezko prezioen bateratze horrek Amasa-Villabonan erroldatutako pertsonei ahalik eta kalte gutxien egiteko ahalegina egin da.

Hondakinen tasan %40 eta %60 bitarteko igoera, Europako legeak horrela behartuta
Europar Batasunaren 2008/98/EE izeneko zuzentarauak (legeak) hondakinen kudeaketa egiten duten Udalei hainbat betebehar ezartzen dizkie, horien artean honakoa: Udalak behartuta daude hondakinen kudeaketarako dituzten gastu ekonomiko guztiak, herritarrek ordaintzen dituzten tasen bidez eskuratzera. Alegia, Udalak, ezartzen dituen hondakinen tasen bidez, udalerrian biltzen diren hondakin guztien kudeaketa integralaren finantzazio osoa lortu behar du.

Amasa-Villabonako Udala, beste Udal guztiak bezalaxe, Europar Batasuneko lege hau betetzera behartuta dago eta ondorioz, hondakinen tasan igoera handia aplikatu behar izan du, legeak behartuta. Gure kasuan, 2024an herriko hondakinak bildu, kudeatu eta tratatzeko Udalak 454.000 eurotik gora ordaindu beharko dizkio Tolosaldeko Mankomunitateari, eta egungo hondakinen tasetatik soilik 340.000 euro biltzen ditu, kostu guztiaren %75a. Kostu guztia ordaintzeko faltako liratekeen 114.000 euroak Udalak bere aurrekontutik ordainduko ditu aurten, baina datorren urtean herritarren tasen igoeratik jaso beharko du kopuru hori.

Guzti honen ondorioz, 2025. urtean etxebizitzetako hondakinen tasak %40an igoera izango du. Horrek errealitatean hiruhileko 10 euroko igoera suposatzen du, urtean 40 euro gehiago etxe bakoitzeko. Industria-lokalek, supermerkatuek eta banketxeek ordaintzen duten hondakinen tasari %60ko igoera aplikatuko zaio, etxebizitzetakoari baino %20 gehiago.

Udal gobernuak bere atsekabea adierazi du derrigorrez tasa honetan tamainako igoera aplikatu behar izan dutelako, eta aurreratu du hondakinen eta uraren tasak ordaintzeko udalak eskaintzen dituen dirulaguntzak igo eta zabalduko dituela, igoera honek herriko pertsona zaurgarrien egoera are gehiago okertu ez dezan.

Hobari gehiago, etxebizitzak alokairura ateratzeko, jaiotza tasa bultzatzeko eta ibilgailu elektrikoak sustatzeko
Ondasun Higiezinen gaineko Zergari (IBIari) dagokionez, Udalak zerga honi aplikatzen zaizkien hobarien kopuruak handituko ditu 2025ean. Horrela, azken urteetan jaitsiera nabarmena izan duen jaiotza-tasaren joera frenatzeko asmoz, familia ugariek %90eko hobaria izango dute 2025. urtean (orain arte hobari hau %60-80 artekoa zen). Eusko Jaurlaritzaren BIZIGUNE, etxebizitzak alokatzeko programan parte hartzen duten etxebizitzek %99eko hobaria izango dute OHZ zergan, horrela praktikan zerga honetarako ia ez dute ezer ordaindu beharko. Horrez gain, OHZ zergan %50eko hobari berri bat gehitu du Udalak, garajeetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak dituztenentzat.

Bestetik, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzeko obrak gauzatzen dituzten herritarrek %50eko hobaria izango dute Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari dagokionean.

Etxebizitza hutsek %100 errekargua
2025 urtean ere, etxebizitza hutsak dituzten herritarrek %100eko errekargua izango dute Hiri Ondasun Higiezinen gaineko Zergan. Amasa-Villabonan erabilerarik ez duten etxebizitzen merkaturatzea sustatzeko helburua du errekargu honek. 250 etxebizitza baino gehiago daude hutsik gure udalerrian, eta herritar askok arazoak dituzte Amasa-Villabonan bertan bizilekua topatzeko. Beraz, errekargu honekin, Udalak etxebizitza huts horien jabeak bultzatu nahi ditu etxeak salgai edo, batez ere, alokairuan jartzera.

Hobari guztiak mantenduko dira
Atzo egindako osoko bilkuran onartutako Ordenantza Fiskaletan, orain arte aplikatu diren hobari guztiak indarrean mantentzea erabaki da.

2025eko hobariak

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean