Udalak lankidetza protokoloa sinatu du Uraren Euskal Agentziarekin, herriko ibai eta erreka ertzetan elkarlanean aritzeko

Erabiltzailearen aurpegia Villabonako Udala 2024ko eka. 3a, 11:59

Pasa den otsailaren 27an Villabonako kale Berrian izandako uholdeak berriro ez errepikatzeko irtenbide bila, bilera eskaera egin zion Beatriz Unzue alkateak Uraren Euskal Agentziari. Bada, bilkura hark emaitzak eman ditu, eta maiatzaren 29an egindako Tokiko Gobernu Batzordean aho batez horrela adostuta, Amasa-Villabonako Udalak eta Uraren Euskal Agentziak lankidetza protokoloa sinatu dute udalerriko ibai eta erreketako ubideetan eta ertzetan elkarlanean jarduteko. 

Protokolo honen bidez adostutakoaren arabera, Uraren Euskal Agentziak herriko ibai eta erreken ingurunea hobetzeko eta mantentzeko lanak egingo ditu, eta bere gain hartuko ditu ibaien gaitasun hidraulikoaren ahalmena handitzeko lanak ere. Udalak, bestetik, ibaietatik hiri-hondakinak kentzeko, edota sustatu nahi diren ingurumen hobekuntzarako ekimenak egiteko udal-zerbitzuak jarriko ditu eskura. Amasa-Villabonara egindako azken bisitan, Uraren Euskal Agentziako arduradunek, eurite handiak izaten direnean Oria ibaiak Villabonako kale Berrian berriro ere gainezka egitea ekiditeko neurriak aztertzeko konpromisoa hartu zuten. Udal arduradunek neurri eraginkorrak hartzea espero dute, eremu horretan dagoen uholde arriskua nabarmen murriztuko dutenak.

Protokolo honetan jasotzen den beste konpromisoa, Uraren Euskal Agentziak eta Udalak udalerrira egokitutako Ekintza Plan bat adostea da. Ekintza Plan horretan, bi erakundeek Amasa-Villabonan dauden jabari publiko hidraulikoko ibai-ibilgu eta ertzetan egin beharreko lanak zehaztuko dira. Lan horiek, besteak beste, ibai eta erreka ertzetako landaredian kalteak ekiditeko eta, orokorrean, ibai-ekosistema eta bere biodibertsitatea babesteko helburua izango dute.

Protokolo honen jarraipena egiteko batzorde bat eratu da, eta bi erakundeek izango dute ordezkaritza bertan.

Sinatu berri den lankidetza protokolo honek lau urteko iraupena izango du, eta beste lau urtez luzatzeko aukera eskaintzen du, bi aldeek horrela adostuz gero.

Irakurri Uraren Euskal Agentziarekin sinatutako lankidetza-protokoloa

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean