Aldiriko tren zerbitzua hobetzea eta "Billabona-Zizurkil" geltokia eraberritzea eskatu du Udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Villabonako Udala 2024ko ots. 2a, 09:19

Atzo arratsaldeko Amasa-Villabonako Udalbatzaren ohiko osoko bilkuran, azken urteetan eman den Irun eta Brinkola arteko RENFEren aldirikoen, zein distantzia erdiko zerbitzuen kaskartzea salatu, eta zerbitzu horiek hobetzea aldarrikatzen zuen mozioa onartu zen.

Azken urteotan ohikoak bilakatu dira aldez aurretik jakinarazi gabeko aldiriko trenen atzerapenak, kantzelazioak, murrizketak… Geltoki askok ez dituzte irisgarritasun baldintzak betetzen, guztiz zaharkituak daude eta zaharberritze lanak behar beharrezkoak dituzte. Egoera honek eragin handia du Amasa-Villabonako herritarren gain, asko baitira egunero tren zerbitzu hauen erabiltzaileak direnak.

Hori horrela, EH Bilduko udal taldeak garraio publiko honetan hobekuntzak egitea eskatzen duen mozioa aurkeztu zuen, urtarrileko Udalbatzan eztabaidatu eta bozkatu zedin.

Mozioak, besteak beste honako eskaerak jasotzen du:

  • Aldirikoen eta distantzia erdikoen tren-zerbitzua hobetzea, ezarrita dauden maiztasunak eta ordutegiak errespetatuz.
  • Gipuzkoako zenbait puntutan egiten ari diren AHTaren lanek ahalik eta eragin txikiena izan dezatela tren zerbitzuetan.
  • Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi ditzala trenbide azpiegiturak.
  • "Billabona-Zizurkil" geltokiak irisgarritasun baldintza minimoak ez dituela betetzen eta orokorrean geltokiak duen egora penagarria salatu, eta zaharberritze integrala gauzatu dadin eskatzea.
  • Eusko Jaurlaritzak zerbitzu eta azpiegiturak transferitzeko eskaera egin diezaiola Espainiako Gobernuari, eta plangintza bat landu dezala tren zerbitzuak eta azpiegiturek dituzten arazoei irtenbidea emateko.

Ikusi mozioa osorik

Mozio honek EH Bildu taldearen aldeko 7 boto, EAJ-PNVren 4 abstentzio eta PSE-EE alderdiaren aurkako botoarekin egin zuen aurrera.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean