Kotoiaren emakumeak erakusketa: herriko ehungintza-industrian jardun duten emakumeei omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Villabonako Udala 2023ko aza. 16a, 14:38

Villabonako Udaleko Kultura Sailak, Mujeres del Algodón elkartearekin batera, Kotoiaren Emakumeak izeneko erakusketa inauguratuko du datorren azaroaren 24an. Erakusketa abenduaren 15era arte egongo da zabalik, eta herriko eta Gipuzkoako ehungintzan funtsezko papera bete zuten emakume guztiei omenaldia egitea du helburu, haien bizipenak, oroitzapenak eta pasadizoak bilduz.

1860an abiarazi zuen bere jarduna ehungintzan espezializatu zegoen Villabonako Subijana fabrika historikoak. 120 urte baino gehiago lanean eman ondoren, lantegi horrek 80ko hamarkadan itzali zituen makinak. Honek, Amasa-Villabonako industriaren historian aro baten amaiera ekarri zuen. 
Emakume gehien aritzen zen lantokia izateagatik nabarmendu zen Subijana. Emakumeek ehungintzan duten presentzia hori, neurri handi batean, arrazoi sozial bati egozten zaio; izan ere, emakumeek, historikoki, ehuna bera sortzen eta familiarentzat jantziak jostearekin lotu izan baitira.

Mujeres del Algodón elkarteak ehungintza-industrian parte izan ziren emakume horien bizipenak eta istorioak bildu ditu, eta elkarrizketa eta bideo formatuko oroitzapenen bidez, emakume horien historia ahaztua berreskuratu duen erakusketa bat sortu du.

Kotoiaren Emakumeak erakusketak Amasa-Villabonako ehungintzan emakumeen ahalegina eta dedikazioa goraipatzeaz gain, hauen istorioak zaintzearen eta partekatzearen garrantzia ere nabarmentzen du. Erakusketa hau emakumeek industriaren historiari egindako ekarpenaren lekuko garbia da, eta denbora luzez ezabatuta egon diren bizipenak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen du.

Beraz, bai Villabonako Udalak, bai Mujeres del Algodón elkarteak, azaroaren 24an, 18:00etan, Villabonako Gurea erakusketa aretoan izango den inaugurazioan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diete herritar guztiei, eta horrela, emakumeen historia emakumeen ahotsekin ezagutzeko aukera eskaini.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean