Honako hauek dira osoko bilkuran hartutako erabakiak:
Osoko Bilkurak, hileko azken asteazkenetan 19:00etan
Udalbatzaren ohiko bilkuren egutegia onartu zen: hilaren azken asteazkenean arratsaldeko 19:00etan. Egun hori jaiegun ofiziala izango balitz, Udalbatza aurreko asteko asteazkenean bilduko litzateke, ordu berberean. Bi salbuespen ezarri ziren; uztailean (Santio jaiak) eta abenduan (gabonak direla eta).
Udalbatza arratsaldez biltzearen arrazoi nagusia, interesa izan dezaketen herritarren parte hartzea erraztea da, herritar gehiagok bertaratzeko aukera izan dezaketelako arratsaldean goizez baino. Horregatik historikoki beti egin dira osoko bilkurak arratsaldez edo iluntzean. Gogoratu behar da osoko bilkura hauek ekitaldi publikoak direla eta udaletxeko Batzar aretoa herritarrei irekita egoten dela.
Udal Gobernuaren proposamenak EH Bildu eta PSE-EE alderdien babesa izan zuen eta EAJ-PNV alderdiko zinegotziak abstenitu egin ziren. EAJ-PNVko ordezkariak ordutegi honek beren taldekideen familia kontziliazioa eragozten duela argudiatu zuen abstentzio hori azaltzeko.
Informazio Batzordeak eratuta
Udaleko Informazio Batzordeak, udal gobernuak arloz arlo daraman jardunari buruz oposizioko alderdietako ordezkariei azalpenak emateko organoak dira. Batzorde hauetan, ondoren Udalbatzara eramango diren akordio proposamenak aurkezten ditu udal gobernu taldeak eta gaiak eztabaidatu eta adosteko guneak izaten dira. Batzorde hauek ez dute erabakitze ahalmenik eta izenak dioen bezala, informazioa emateko funtzioa dute.
Guztira bost ohiko Batzorde Informatzaile eratu ziren bilkuran:
- Hirigintza, zerbitzuak eta Ingurumena
- Gizarte Zerbitzuak, Aniztasuna, Adineko pertsonak eta Politika Feminista
- Pertsonala eta barne araubidea
- Euskara, Kultura, Hezkuntza, Gazteria eta Kirola
- Ogasuna, Garapen ekonomikoa, Enplegua eta Merkataritza
Bestalde, beste bi Batzorde berezi ere eratu ziren. Batzorde hauek ez-ohiko izaera dute eta ez daukate zehaztutako maiztasunik. Honakoak dira:
- Herritarren Parte Hartze Batzorde Berezia
- Memoria eta Elkarbizitza Batzorde Berezia.
Batzorde hauetan alderdi politiko bakoitzak izango dituen ordezkari kopuruari dagokionean, batzorde guztien osaketa honakoa izango da: EH Bilduko hiru ordezkari, (lehendakaria barne), EAJ-PNVko bat, eta PSE-EEko beste bat. Horrela, aurreko legealdiko (2019-2023) eraketa berbera mantenduko da datozen lau urteetan ere.
Batzorde informatzaileetako partaideak
Aipatzekoa da, aurreko legealditik Informazio Batzorde hauek izaera irekia dutela, eta interesa izan dezakeen edonork parte hartu eta hitza hartzeko aukera duela, aurretik eskaera bat eginez.
Informazio Batzordeen egituratze hau EH Bilduren aldeko botoekin, EAJ-PNVren aurkakoekin eta PSE-EE alderdiaren abstentzioarekin onartu zen.
Udal Kontratazio mahaiaren osaketa
Kontratazio-mahaiari dagokionean ere, aurreko legealdiko berbera izango da, ez baita inolako aldaketarik proposatu. Mahai honetan Beatriz Unzue Esnaola alkateak, udal idazkariak, kontuhartzaileak, lege teknikariak eta idazkaritzako administrariak parte hartuko dute. Kasu bakoitzean, eta gaiaren arabera, beharrezkoak diren udal langileei edo aholkulariei deituko zaie. Kontratazio mahaiko deialdiak oposizioko alderdi politikoetako kideei ere bidaliko zaizkie eta parte hartzeko aukera izango dute.
Puntu hau EH Bilduko ordezkarien aldeko botoekin eta EAJ-PNV eta PSE-EE alderdien abstentzioarekin onartu zen.
Tokiko Gobernu Batzarraren osaketa
Honako bost kideek osatuko dute Tokiko Gobernu Batzarra datozen lau urteetan: Beatriz Unzue Esnaola (EH Bildu), Xabat Laborde Etxabe (EH Bildu), Ander Goikoetxea Arana (EH Bildu), Eneko Urdangarin Eizagirre (EAJ-PNV) eta Eduardo Gonzalez Vaz (PSE-EE).
Aldi berean, alkateak Xabat Laborde Etxabe (EH Bildu) eta Irune Alfonso Izagirre (EH Bildu) izendatu ditu Lehenengo Alkateorde eta Bigarren Alkateorde, hurrenez hurren.
Ordezkari politikoen liberazioak, soldatak, talde politikoen finantziazioa eta asistentzia dietak
EH Bilduren udal gobernuak bere bi ordezkari gorenak, alkatea eta lehen alkateordea izango ditu udalean jardun osoan lan egiteko liberatuta:
- Beatriz Unzue Esnaola Alkateak erabateko dedikazioz beteko du bere kargua, eta jardun horri atxikitako soldata gordina, urtean 41.023,22 eurokoa izango da, 14 pagatan banatuta.
- Xabat Laborde Etxabe Lehenengo Alkateordearen ordainsaria, urtean 34.540,66 euro gordinekoa izango da, 14 pagatan ordainduko dena.
2016an onartutako EAEko Udal Legeak, 5.000 biztanletik gorako udalerrietan oposizioko alderdi nagusiko ordezkari bat partzialki liberatzeko aukera eskaintzen du eta EAJ-PNV alderdiak aukera hori baliatu du bere zinegotzi bat liberatzeko:
- Eneko Urdangarin Eizagirre zinegotziak jardunaldi partzialean beteko du bere kargua, zehazki %50ean. Kargu hori betetzeagatik, urtean 15.543,29 euroko ordainsaria jasoko du, 14 pagatan ordainduta.
Talde politikoei bideratzen zaien ekarpen ekonomikoari dagokionean, Villabonako Udalean ordezkaritza duen alderdi bakoitzari 226 euro ordainduko zaio hilero. Era berean, alderdi politiko bakoitzak beste 71 euro jasoko ditu hilean, Udalbatzan duen zinegotzi bakoitzeko. Puntu honetan ez da aldaketarik izan eta aurreko legealdiko kopuru berak mantendu dira.
Bestetik, liberatuta ez dauden zinegotziek ordainsari edo dieta bat jasoko dute Udalak dituen organo ofizialetan parte hartzeagatik:
- Informazio-Batzordeak: 36 euro.
- Udalbatzaren Osoko Bilkurak: 90 euro.
Aurreko legealdiarekin alderatuz, udal gobernuak Tokiko Gobernu Batzarretan parte hartzeagatik zeuden ordainsariak (54€) ezabatzea proposatu zuen. Batzar hauek udalbatzaren osoko bilkurak amaitu eta jarraian egiten dira eta normalean iraupen motza izaten dute. Horregatik hemendik aurrera Tokiko Gobernu Batzarretara bertaratzeak ez du ordainsaririk izango.
Alkate eta zinegotzien ordainsarien proposamen hau EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin, eta EAJ-PNV eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu zen.
Amasa-Villabonako udalaren ordezkariak beste erakundeetan
Udalak parte hartzen duen erakundeetan Amasa-Villabonako ordezkariak izateko honako hautetsiak izendatu ziren:
Beatriz Unzue Esnaola, alkatea: Tolosaldea Garatzen S.A., Tolosaldeko Mankomunitatea, Apattaerreka Industrigunea S.L., Loatzo Musika Eskola Mankomunitatea eta Tolomendi Mendi Nekazaritza Elkartea.
Xabat Laborde Etxabe, alkateordea: Gipuzkoako Urak, Tolosaldeko Euskararen Mahaia (TEM), EPA eta Haurreskolak Patzuergoa.
UEMA- Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari dagokionez, Beatriz Unzue Esnaola, Xabat Laborde Etxabe, Ander Goikoetxea Arana eta Eñaut Zelarain Etxeberria izango dira udal ordezkariak (guztiak EH Bilduko udal gobernu taldekoak dira).
Udal korporazioak ordezkaritza izan behar duen Organo Kolegiatu hauetako kideak izendatzeko proposamena EH Bilduko ordezkarien aldeko botoekin eta EAJ-PNV eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu zen.