2024ko martxoaren 15a, Kontsumitzaileen Eskubideen Nazioarteko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldeko Kontsumo Bulegoa 2024ko mar. 14a, 13:36

John F. Kennedyk burua altxatuko balu!

“Denok gara kontsumitzaileak. Ia erabaki ekonomiko publiko eta pribatu guztiei eragiten dien talde ekonomiko handiena gara. Hala ere, behar adina entzuten ez diren iritziak dituen talde garrantzitsu bakarra gara" (John F. Kennedy, 1962ko martxoaren 15a).

1983an, NBEk martxoaren 15a Kontsumitzaileen Eskubideen Nazioarteko Eguna izendatu zuen, John F. Kennedyren diskurtsoa oroitzeko.

80ko hamarkadan ez bezala, gaur ez da batere egun pozgarria ez esanguratsua kontsumitzaileon sektorearentzat, gizartearentzat oro har —gogoratu behar da guztiok (gizonak, emakumeak, gazteak, helduak, zaharrak, haurrak, nazionalak, atzerritarrak…) kontsumitzaileak garela ezinbestean—. Ez da ia egun horretaz hitz egiten, ez politikan, ez hezkuntzan, eta oso gutxi komunikabideetan. Izan ere, gaur egun, ospatzeko gutxi edo ezer ez dago. Ekonomiaren aldetik erabakigarriena den sektorea, ekonomiaren eta jasangarritasunaren bilakaera on edo txarrean eragin handiena duena, kontsumitzaileena, ahulduz joan da, eta, ondorioz, kontsumitzaile kalteberaren figura sortu behar izan da, nolabait, kontsumitzaile ertainaren figura ordezkatuz. Eta kontua da kontsumitzaile gehienok ez garela per se kalteberak izaten, baizik eta gizarte gisa pairatzen ari garen balio-krisiak benetako zaurgarritasun-egoeran jartzen gaituela mediokritate sozialak eta, ondorioz, politikoak eta enpresarialak egun duten botere zapaltzailearen aurrean. Erdipurdikoa da, zalantzarik gabe, hornitzen diren produktuen kalitate eskasean zein kontsumitzaileoi ematen zaizkigun zerbitzuetan islatzen dena.

Ez dago egunik albisteetan bankuek, energia-enpresek, automozio-enpresek, telekomunikazioetakoek, elektronikakoek, plataformek eta elikadura-kate handiek lortzen dituzten etekin izugarriak entzuten ez ditugunik. Baina kontsumo-teknikariok oso ondo jabetzen gara, kontsumitzailea gure aurrean esertzen denean ikusi eta sentitu egiten baitugu, halako haserre, etsipen eta/edo larritasun maila batekin, eta adierazpen atsekabetu eta erregu horrekin, enpresa horiek eragiten dizkioten kalte-galerez. Eta, gure zerbitzuen erabiltzaile diren herritarren etxeko ekonomiari ez ezik, haien duintasunari ere kalte egiten diote, indartsuenen ez-betetze eta axolagabekeriaren aurrean beren eskubideak eta interesak baliarazteko defentsa-mekanismo nahikorik ez dutenean sentitzen duten ezintasunagatik. Izan ere, esan beharra dago kontsumoaren arloko politika publikoak oso urriak direla, eta KIUBak (Kontsumitzaileen Informaziorako Udal-Bulegoak) desagertzen ari direla. Kolore guztietako giltzak daude, KIUB-en ateak ixten dituztenak, horien zerbitzuak eta langileak mugatzen dituztenak, hilarazi arte eta, azkenik, desagertzeraino. KIUBetako Kontsumo Teknikariok, Administrazio Publikokoak, herritarrengandik hurbilen eta hurbilen gaudenok, gero eta gutxiago gara eta, geratzen garen apurrak, egunak zenbatuta ditugu. Jakin badakigu zerbitzu horrek ez dituela udal, foru, autonomia erkidego eta estatuko diru-kutxak betetzen, gaur egun kandeleroan dauden eta diru-sarrera handiak eragiten dituzten beste zerbitzu batzuk ez bezala. Baina, bidezkoa, zilegia eta bideragarria al da kontsumitzaileon sektorea izatea, jasandako bidegabeko ez-zilegi baten ondoren eta bidezko defentsarik ezean, arestian aipatutako enpresa handien onurak finantzatzen dituena?

80ko hamarkadara itzuliz, “koltza” kasu ezaguna agerian geratu zen urteetara, bitxia zen ikustea nola klase politikoak, biztanleriarengana iristeko, Kontsumo-kontseilaritzak, Kontumo-sailak eta Kontsumo-zuzendaritzak lehiatzen ziren. Gaur egun, eta ez da kasualitatea, inork nahi ez dituen apur-mamiak jasotzea beste aukerarik ez dute alderdi minoritarioek eta Kontsumoa uzten zaie. Izan ere, dagoeneko modan ez dagoen eremua da eta, gainera, zabalegia eta konplexuegia izateaz gain (ezagutza asko eskatzen ditu), oso baliabide personal eta ekonomiko gutxi ditu, besteak beste. Eta bai, oso noizean behin, Kontsumoaren arloko araudi berria onartzen da; hala ere, horrek ez du ezertarako balio hori gauzatzeko baliabideak jartzen ez badira eta, hala, araudi hori ezer ezean geratzen da.

Azkenik, egun honetan hurbileko saltoki/negozio txikiko kide guztiei, erresilientzia handia erakutsi baitute, zoriondu eta txalotzea besterik ez zaigu geratzen; izan ere, kate eta plataforma handien zama eta pandemiak eragindako hondamendiak gorabehera, zailtasun askorekin eutsi, horiei aurre egitea eta aurrera jarraitzea lortu dute. Bidean oztopoak oztopo, haiek dira gehien eta hobekien kudeatzen jarraitzen ari direnak, ahal izaten duten moduan ekonomia altxatuz; auzoei, herriei, hiriei bizia emanez; adinekoei, ezinduei, zaurgarrien kolektiboei oro har ... ahal duten bezala lagunduz eta, besteak beste, haien bezeroei eta kontsumitzaileoi zerbitzu-kalitate egokia eskainiz, kasu gehienetan, kontsumo-arloko araudia betetzen ez ezik, kontsumitzaileoi merezi dugun arreta, adeitasuna eta errespetua ematen ere.

Ainhoa Orrantia Balado

Tolosaldeko KIUB-ko Arduraduna

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean