Sailkapenari begiratuta bi taldeak aurkari nahiko zuzenak izanik, hasieratik irabazteko gogo handiarekin atera ziren partidura. Partida berdindua hasi zen bi taldeentzat, kanpoko taldea bere zelaian sarturik kontraerasora jokatuz eta etxeko taldea baloiaren jabetza edukiz eta aukerak sortuz. Zorte txarreko jokaldi batean, kanpoko taldearen lehen gola iritsi zen, baloia aldentzen hasi eta Unax Iglesiasek bere atean gola sartu zuen 8. minutuan 0-1-ekoa ezarriz. Kolpeak ez zion asko iraun etxeko taldeari, azkar erreakzionatu eta 10. minutuan Unai Alustizak 1-1-ekoa ezarri zuen markagailuan. Gol horrek taldeari sinistea eragin zion eta oraindik eta aukera gehiago sortzen hasi zen. Horrela, 17. minutuan Beñat Balerdik 2-1-ekoa sartu zuen. Nahiz eta aukera gehiago izan ez zen gol gehiagorik egon eta atsedenaldira 2-1-eko emaitzarekin iritsi zen.
Atsedenaldian, sentsazio onak baieztatu eta berdin edo hobeto jarraitzeko zuzenketa txiki batzuk egin ostean, bigarren zatia hasi zen. Tolosarrak lehen zatian bezala intentsitate handiarekin atera ziren eta horren islada hasi eta minutu bat beranduago Iker López de Murillasek taldearen hirugarren gola sartu zuen. 26. minutuan hainbat aukera eta gero etxeko taldearen laugarren gola iritsi zen Unax Iglesiasi esker. Hiru minutu beranduago, 29. minutuan kanpoko taldeak jokaldi on batean aldea murriztea lortu zuen 4-2-koa lortuz. Minutu bat beranduago Unax Iglesiasen bigarren gola iritsi zen jaurtiketa indartsu bati esker. Partiduak kontrolpean zirudienean, atzean jarraian eginiko bi akatsei esker kanpoko taldeak bi gol sartu zituen minutu batean, partidua asko estutuz eta bukatzeko 3 minuturen faltan 5-4-ko markagailuarekin. Kanpoko taldeak atezain-jokalaria ateratzeko erabakia hartu zuen eta bi minutu faltan 5-5-eko berdinketa lortu zuen ondo mugituriko jokaldi batean. Etxeko taldeak hil hala bizi atezain-jokalariaren alde apustu egin zuen eta ondo atera zitzaion. Minutu baten faltan taldeko jokaldi eder bati esker Beñat Balerdik area barruan eginiko erremate bati esker 6-5-ekoa lortu zuen. Ez zen gol gehiago sartzeko aukerarik egon eta 6-5-eko markagailuarekin iritsi zen partida amaierara.
Oso garrantzitsua partida honetan lortutako puntuak. Garaipen honekin tolosarrak lehenengo postuan jarraitzen dute bigarrena puntu batera dutelarik eta hirugarrena bost puntutara. Gainera ligako talde bakarra da partidurik galdu ez duenik.
Hurrengo astean, Tolosarrak Gipuzkoako Donipari K.E. talde pasaitarraren aurka jokatuko dute ligako hamargarren jardunaldian. Norgehiagoka oso zaila aurkari zuzena den talde baten aurka, bigarren postuan baitago talde gipuzkoarra. Horrela izanik, dena emango dute partidua aurrera ateratzeko, 3 puntuak etxera ekartzeko eta lidergoan jarraitzeko. Partidua igandean arratsaldeko 17:00-etan izango da Pasaiako P. Donibane kiroldegian. Animatu ikustera, zaleen laguntza ezinbestekoa izango da eta.