Partida oso ondo hasi zen talde tolosarrarentzat. 11. minutuan, Unax Iglesiasek gol ikusgarri bat sartu zuen, Tolosalari markagailuan aurrea hartzeko aukera emanez. Golaren ostean, taldeak dinamika berarekin jarraitu zuen, oso entxufatuta eta kontzentratuta. Kantxan zeuden jokalariek lan bikaina egin zuten, baina bankilluan zeudenek ere etengabe animatu zuten taldea, gero kantxara ateratzen zirenean intentsitate berdinarekin jarraitzeko. Lan horren guztiaren ondorioz, 15. minutuan Beñat Ugartemendiak korner bateko jokaldi ensaiatu baten bidez bigarren gola sartu zuen, eta 19. minutuan Xabier Alustizak hirugarrena lortu zuen beste jokaldi polit baten ostean. Horrela, Tolosala 0-3ko emaitzarekin joan zen atsedenaldira.
Atsedenaldian, Inhar Torresek hainbat azalpen eman zizkien jokalariei, gauzak aldatzeko eta hobetu beharreko alderdiak lantzeko. Hala ere, taldeak lehen zatiko motibazio eta konfiantza berdinarekin ekin zion bigarren zatiari, hiru puntuak etxera eramateko helburuarekin. Bigarren zatiko erdialdean, ordea, Eskoriatzak lehen gola sartzea lortu zuen, eta etxeko taldea partiduan sartzen eta Tolosala estutzen hasi zen. Hala ere, tolosarrek ez zuten amore eman eta lanean jarraitu zuten. Horren erakusgarri, 36. minutuan Iker Lopez de Murillasek laugarren gola sartu zuen, taldeari lasaitasun handiagoa emanez eta garaipena gertuago utziz.
Azken minutuetan, etxeko taldeak bost jokalarirekin jokatzea erabaki zuen, markagailuari buelta emateko azken saiakera eginez. Hala ere, Tolosalak defentsa lan bikaina egin zuen eta atezainaren geldiketei esker, Eskoriatzak ez zuen markagailua gehiago mugitzea lortu. Horrela, garaipen garrantzitsua eskuratu zuten tolosarrek, 1-4ko emaitzarekin.
Garaipen honekin, Tolosalak denboraldiko dinamika bikainarekin jarraitzen du, oraindik partidurik galdu gabe eta sailkapeneko lehen postua eskuratuz. Taldeak erakutsitako konpromisoa, batasuna eta lan egiteko gaitasuna azpimarratzekoak dira, bai kantxan eta baita bankilluan ere.
Hurrengo astean, Tolosarrek etxean jokatuko dute ligako bederatzigarren jardunaldiko partidua UFS Usansolo taldearen aurka. Norgehiagoka datorren larunbatean izango da, goizeko 11:00etan, Uzturpe Frontoian (konfirmatzeko). Taldeak berriz ere dena emango du hiru puntuak lortzeko eta sailkapeneko lehen postuan mantentzeko. Etorri zaitez taldea animatzera!