Partida oso ondo hasi zen Tolosalarentzat. Taldea oso entxufatuta eta partidurako mentalizatuta atera zen, eta laugarren minutuan Iker Lopez de Murillasek lehen gola sartu zuen, markagailuan aurretik jarriz. Hala ere, golaren ostean, Tolosala erlaxatu egin zen eta Lauburu Mahalak bere jokoa egiten jarraitu zuen. Ibarrako taldeak pixkanaka partidaren kontrola hartu zuen, Tolosalari gauzak zailduz eta norgehiagokaren norabidea aldatzea lortuz. Etxekoek gol bat sartzea lortu zuten eta, ondorioz, bi taldeak 1-1eko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira, Laubururen nagusitasunarekin.
Bigarren zatia ere oso borrokatua izan zen. Derbia izanik, Tolosalarrek hiru puntuak etxera eraman nahi zituzten, baina Belabietako harmailak gogor animatzen zuen etxeko taldea, eta Lauburuk ez zizkien gauzak batere erraz jarri. Bigarren zatiko erdialdean, arbitroaren erabaki eztabaidagarri baten ondorioz, Xabier Arranz partidatik kanporatua izan zen. Une horretan, Tolosala jokalari bat gutxiagorekin geratu zen, eta Lauburuk egoera aprobetxatuz bigarren gola sartzea lortu zuen, markagailuan aurretik jarriz. Egoera horrek tolosarren pazientzia agortzen hasi zuen arren, taldeak lanean jarraitu zuen, oraindik denbora nahikoa baitzegoen partidari buelta emateko.
Azken minutuetan, ordea, Tolosalak erreakzionatzeko gaitasuna erakutsi zuen. Partida amaitzeko lau minutu falta zirenean, jokaldi polit baten ostean, Iker Lopez de Murillasek berdinketaren gola sartu zuen, taldeari berriro ere itxaropena eta partiduan sinesteko indarra emanez. Bultzada horrekin jarraituz, bi minutu falta zirenean, Hodei Urrestik hirugarren gola sartu zuen, Tolosalari markagailuari buelta ematea lortuz. Poztasuna eta ilusioa handiak izan ziren, baina garaipenak ez zuen asko iraun, minutu bat geroago Lauburu Mahalak berdinketaren gola sartzea lortu baitzuen. Horrela, 3-3ko emaitzarekin amaitu zen derbia.
Nahiz eta Tolosalarrek hiru puntuak lortzeko aukera izan zuten eta garaipenaren oso gertu egon ziren, taldeak azken minutuetan erakutsitako erreakzioa eta borrokarako gaitasuna azpimarratzekoak dira. Bi taldeek puntu bana eskuratu zuten, emaitza justua izan zen arren, biek garaipena lortzeko gogoarekin geratu baitziren.
Hurrengo astean, Tolosarrek etxean jokatuko dute ligako zazpigarren jardunaldiko partidua Alibarra Low-Cost Aguraingo Oriamendi LFKE taldearen aurka. Norgehiagoka datorren larunbatean izango da, arratsaldeko 16:00etan, eta taldeak dena emango du hiru puntuak etxean geratzeko eta sentsazio onekin jarraitzeko.