Bi taldeak sailkapenari begiratuta, nahiz eta helburu desberdinak eduki, hasieratik irabazteko gogo handiarekin atera ziren partidura. Partida nahi ez bezala hasi zen Tolosalarentzat, erritmo motelarekin eta baloia mugitzeko zailtasunekin. Kanpoko taldeak beraien lehenengo aukeran gola sartzea lortu zuen partiduko 2. minutuan. Kolpetik altxa, partiduari erritmoa aldatu eta horrela aukerak sortuz eta joku ona eginez hasi zen etxeko taldea. 4. minutuan jokaldi on batean Beñat Balerdik 1-1-ekoa sartu zuen. Jarraian 5. minutuan Euken Telleriak 2-1-ekoa igo zuen markagailura partidari tita batean buelta emanda. Taldeak aukerak sortzeari utzi gabe 10. minutuan lehenik eta 17. minutuan gerora Xabier Arranzen bi gol iritsi ziren markagailuan 4-1-ekoa ezarriz. Nahiz eta aukera gehiago egon ez zen gol gehiagorik egon eta atsedenaldira 4-1-eko emaitzarekin iritsi zen.
Atsedenaldian, sentsazio onak baieztatu eta berdin edo hobeto jarraitzeko zuzenketa txiki batzuk egin ostean, bigarren zatia hasi zen. Tolosarrak lehen zatian ez bezala intentsitate handiarekin atera ziren eta hasi eta berehala 21. minutuan Unai Alustizak 5-1-ekoa ezarri zuen markagailuan. Tolosarrak gehiago nahi zuten eta 23. minutuan eta 28. minutuan Iker Lopez de Murillasen bi golei esker 7-1-ekoa jarri zuten tarte garrantzitsua irekiz markagailuan.
Nahiz eta partiduak irabazita zirudien, etxeko taldeak berdin jarraitu zuen gehiagoren bila. Horrela 29. minutuan Xabier Arranzek bere hirugarren gola lortu zuen eta taldearen zortzigarrena. 37. minutuan Iker Lopez de Murillasek ere bere hirugarren gola lortu zuen. Ez zen gol gehiago sartzeko aukerarik egon eta 9-1-eko markagailuarekin iritsi zen partida amaierara.
Oso garrantzitsua partida honetan lortutako puntuak eta golak. Garaipen honekin tolosarrak lidergoan jartzen dira bost partidutan lau garaipen eta berdinketa batekin. Gainera ligako talde bakarra da partidurik galdu ez duenik.
Hurrengo astean, Tolosarrak etxetik gertu jokatuko dute Tolosaldeako derbia den Lauburu Mahala talde ibartarraren aurka ligako seigarren jardunaldian. Norgehiagoka zaila derbia izanik indarrak berdintzen direlako baina dena emango dute partidua aurrera ateratzeko, 3 puntuak etxera ekartzeko, lehengo asteko sentsazio onak baieztatu ahal izateko eta lidergoan jarraitzeko. Partidua larunbatean arratsaldeko 16:00-etan izango da Ibarrako Belabieta kiroldegian.