Taldeak lehen aldiz zapaldu zuen Areitio, SD Eibarren kirol-herri berria. Dena zen berria, dena ikusgarri; inpresio berezia ematen zuen instalazioak. Aurkaria porrot batetik zetorren eta garaipena eskuratzeko asmoz irten zen zelaira. Urdiñek argi zuten partida gogorra eta lehiakorra izango zela.
Lehen minutuetan etxekoek estu hartu zuten Tolosa, eta Eibarrek izan zuen aukera garbiena, baina jaurtiketa kanpora joan zen. 22. minutuan, jokaldi landu batean, Teddyri penaltia egin zioten, eta berak hartu zuen ardura: jaurtiketa sare barrura bidali eta 0-1ekoa jarri zuen markagailuan. Urdiñak hazten joan ziren eta hamar minutu geroago, Aner Unanuek zelai erdian baloia lapurtu, aurrera abiatu eta areara iritsi bezain pronto bere jaurtiketa ezagun horietakoa jaurti zuen: bigarrena, 0-2, eta taldea sinesten hasi zen. Atsedenaldira, 0-2koa lortuz.
Bigarren zatian, aurkariak ez zuen min handirik egiten, baina markagailua iruzurti samarra zela ikusita, tolosarrek lasaitasunaren gola bilatzen jarraitu zuten. Eta orduantxe iritsi zen gola: Ametz atezainak ostiko luzea eman zuen airez, eta Eibarren atezain eta defentsaren arteko zalantzaren aurrean, Goar Zabala azkarren iritsi zen baloira. Lehen jaurtiketa zutoinean joan zen, baina errebotea berak aprobetxatu zuen 0-3koa egiteko. Taldea apur bat erlaxatu zen ondoren, baina aukerarik garbienak sortzen jarraitu zuen. 84. minutuan, korner batean, hor zegoen Teddy, ukitu fin batekin laugarrena ekartzeko. Benetan garaipen bikaina lortu zuten urdiñek, merezitako 3 puntuak Tolosa aldera eramanez.
Garaipen honi esker, taldea sailkapeneko beheko postuetatik urruntzen ari da, guztira 15 puntu pilatuta. Azken sei puntuetatik lau lortu izana indar eta ilusio iturri da; taldeak lanean jarraitzeko gogoa areagotu du. Asteburu honetan, igandean 16:00etan jokatuko dute Berazubin, Santutxu FC B-ren aurka, urteko azken partida etxean.
Lanean jarraitu, mutilak. Aupa urdiñak!