Bai, onartuko dizuet, azkenekoz jan nuen tarta zatia ezin hobea zegoen, nahiz eta sentipen gazi-gozo bat eragin zidan, dejà vu baten pareko. Gozotasun hura bizi izan nuen aurretiaz, baina tranpan erori nintzen berriz ere. Garbi nuen tartaren zati hura jan nuela, baina hura hasteko eta ebakitzeko aukerarik izan al nuen? "Paramnesi" deritzogu behin eta berriz jasaten ditugun oroimenaren alterazioei. Oroitzapen faltsuak izaten ditugu, egiazkoak direla pentsatuz, eta gogoratzen ez ditugun gertaera errealak ordezkatzen ditugu hauekin. Aldiz, urte honen errepasoa eginez, hasieran gomuta faltsutzat nituen gertaerak aurretiaz bizi izan ditudala eta ditugula ohartu naiz tamalez.
Uztailak 23, Espainiar hauteskunde orokorrak eta eskuindar partidua garaile. Egun horretako irabazle bai, baina ez aldiz gorteak osatzeko nahitaezko euskarrien garaile. Hala eta guztiz ere, hortxe doa abizen elkartuko lehendakari urdina inbestidura aktora, errealitatearen aurkako emaitza oparoz. Akaso ez al zen gogoratzen, 2016. urtean, bere aurrekari izan zen M.R.-k hautagai izateari uko egin ziola?
Abuztuak 20, Australian jokatutako emakumezkoen munduko futbol txapelketa eta espainiar jokalariak txapeldun. Orain dela 13 urte antzeko gertaera baten ikusle izan ginen, gizonezkoekin aldiz. Bi kasuetan ere musu baten lekuko izan ginen, lehena jokalari eta kazetariaren artean eta bigarrena aldiz, burusoilaren eta jokalariaren artean. Baina, kontsentimendu ezaz haratago, ez al zekien "Ilehoriak"; Clinton eta Lewinskyren artean gertatutakoa ez zela soilik "affaire" kasu bat izan, botere-abusu bat baizik?
Urriak 7, Hamás eta Israel, 7.326 hildako Palestinan eta 1.400 Israelen. Ezin ukatu daiteke estatu batek, bere biztanleak babesteko, bidezko defentsa erabili dezakeenik, hala adierazten baitu 1945eko Nazio Batuen Gutunak. Hala ere, badirudi defentsaren izenean egindako erasoetan proportzionaltasuna erabat ahaztu duela bere banderan "David izarra"; duen estatuak. Azken honek, ez al du buruan Nazio Batuen Erakundeak 1947. urtean onartutako 181.ebazpena, zeinak Palestinar estatu bat bermatzen duen? Eta 194.na, zeinak indarrean beren lurraldetik kanporatutako palestinarrei etxerako eskubidea bermatzen dien?
Honela, beste hainbat adibide amaigabe. Horrexegatik, beldur naiz ezer ikasi ez ote dugun azken urte hauetan eta 2023. urtea horren islara garbia izan ote den. Urte hasiera bakoitzean aurrekoaren "reset"-a egin eta berriz ere hutsetik hastera ohituak gauden.
"Bernarda Albaren etxea" izan zen Federico Garcia Lorcak idatzi zuen bere azken obra, baliteke bihozkada izanik hurrengo hamarkadetan gertatuko zenaz; errepikapen hutsa. Ai Martirio, "dena errepikatzen zoragarria" izango balitz!