Udalak komunikazio-zerbitzuaren kontratazioa azaldu du, eta herritarrek informazioa jasotzeko duten eskubidearekiko konpromisoa berretsi

Erabiltzailearen aurpegia Irurako Udala

Kontratu berriaren helburua udal-komunikazioa indartzea eta hobetzea da, baliabide profesional gehiago, presentzia fisiko handiagoa eta zerbitzu zabalagoa eskainiz. Prozedura lizitazio publiko irekiaren bidez izapidetu zen, eta espedientearen garapena eta administrazio eta ekonomia alderdiak zehazten dituen Idazkaritza-Kontuhartzailetzaren txostena du.

Komunikazio-zerbitzuaren kontratazioari buruz EAJ-PNV udal-taldeak egindako galderen eta kritiken aurrean, Irurako Udaleko gobernu-taldeak beharrezkotzat jo du herritarrei prozedurari buruzko informazio osoa eskaintzea, planteatutako zenbait kontu argitzea eta udal-zerbitzu hori indartzea zergatik jotzen duen beharrezkotzat azaltzea.

Komunikazio instituzionala ez da kargu publiko baten edo alderdi politiko baten sustapen pertsonalerako tresna. Zerbitzu publikoa da, eta erakundearen erantzukizuna. Irurako bizilagunek eskubidea dute udal-jarduerari, abian diren proiektuei, hartutako erabakiei, zerbitzu publikoei eta udalerriaren bizitzan eragina duten gainerako gaiei buruzko informazio egiazkoa, gardena, eskuragarria eta eraginkorra jasotzeko.

Eskubide hori bermatzeko, beharrezkoa da baliabide profesional egokiak eta udal-jarduera herritarrei modu jarraituan, hurbilean eta zorrotzean helarazteko gai den komunikazio-egitura bat izatea. Informatzea ez da udal-gobernuaren aukera bat: erakundearen betebeharra da.

Udalak orain arte, eta gaur egun ere, komunikazio eredu zehatz bati eutsi dio, zeinak alkatearen edo gobernuaren irudia hobetzeko ariketarik ez duen egin. Lehentasun osoa eta bakarra izan du herritarrek informatuta egoteko eskubidea bermatzea inolako pertsonalismorik gabe. Eta hori herritarrek urteetan ikusi eta konprobatu dute.

Prozedura publikoa eta aurrez ezarritako irizpideak

Kontratazioa prozedura ireki baten bidez hasi zen. Iragarkia 2026ko maiatzaren 22an argitaratu zen Eusko Jaurlaritzaren Kontratazio Publikoko Plataformako kontratatzailearen profilean. Baldintza-agirietan aurrez ezarri ziren parte hartzeko baldintzak eta proposamenak baloratzeko irizpideak.

Prozeduran 100 puntu aurreikusi ziren: 49 puntu balio-judizioaren bidez ebaluatu beharreko irizpideei zegozkien, eta 51 puntu formulen bidez ebaluatu beharreko irizpideei. Azken horietatik, 30 prezioari zegozkion eta 21 presentzia fisikoko orduak hobetzeari.

Lehiaketa Euskal Herriko eta Europar Batasuneko enpresa guztiei irekita zegoen. Eskaintza bakarra aurkeztu zen, Bai Komunikazio Zerbitzuak S.L. enpresarena. Kontratazio Mahaiak ekainaren 25ean proposatu zuen eskaintza baliozkotzat jotzea eta esleipenaren aurretik aurkeztu beharreko dokumentazioa eskatzea. Esleipena Alkatetzaren dekretu bidez onartu zen uztailaren 22an, eta kontratua 2026ko abuztuaren 25ean formalizatu zen.

Idazkaritza-Kontuhartzailetzaren txostenak egindako jarduketak jasotzen ditu, eta adierazten du eskaintza bakarra aurkezteak ez duela berez kontratazio-prozedura baliogabetzen, betiere publizitate, berdintasun eta gardentasun-baldintzak errespetatu badira eta eskaintza baldintza-agirietara egokitzen bada.

Gobernu-taldeak garrantzitsutzat jotzen du azpimarratzea kontratazioa prozedura publiko baten bidez egin zela, aurrez zehaztutako baldintza eta irizpideekin, eta balorazioa lizitazioan ezarritako arauen arabera egin zela.

Zerbitzuaren hobekuntza, ez aurrekoaren jarraipen hutsa

EAJ-PNVk planteatutako gaietako bat aurreko zerbitzuarekin alderatuta kostuak izan duen igoera da. Azaldu beharra dago kontratu berriak ez dituela aurreko kontratuaren zerbitzu eta baliabide berberak jasotzen.

Aurreko kontratuak urteko 18.137,90 euroko zenbatekoa zuen, BEZa barne. Kontratu berria urteko 23.999 euroan esleitu da, gehi BEZa; guztira, 29.038,79 euro. Lizitazioaren gehieneko aurrekontua 30.000 eurokoa zen, BEZa barne; beraz, esleitutako eskaintza aurreikusitako gehieneko aurrekontua baino % 3,20 txikiagoa da.

Prezioaren desberdintasuna eskatutako baliabideen eta zerbitzuen hedapenaren ondorio da. Zerbitzu berriak honako hauek jasotzen ditu:

  • Gutxienez bi profesionaleko lantaldea.

  • Taldekide bakoitzak astean gutxienez 12 orduko presentzia fisikoa izatea, lizitazioan eskainitako hobekuntzaz gain.

  • Prestakuntzari, esperientziari eta C2 hizkuntza-gaitasunari buruzko berariazko baldintzak.

  • Komunikazio-estrategia eta plan operatiboa.

  • Udal-webgunea, agenda eta sare sozialak eguneratzea.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA