EH Bilduren udal-gobernuak zergatik ez du kontratazioari buruzko informazio osoa ematen?

Erabiltzailearen aurpegia Irurako EAJ-PNV

Bost hilabetez erantzunaren zain egon ondoren, EAJ-PNVk egindako 13 galderetatik bakarrak jaso du erantzun osoa udal-gobernuaren ohar publikoan. Komunikazio-zerbitzuaren kostua %60 handitu da, baina udal-gobernuak ez du zehaztu zer hobekuntza jasoko dituzten irurarrek, ezta alkatearen irudia lantzeak kontratu berrian zer leku izango duen ere.

Irurako EAJ-PNV udal taldeak kezka agertu du udal-gobernuak komunikazio-zerbitzuaren kontratazioari buruz emandako erantzunaren aurrean. Uztailaren 3an erregistratutako 13 galderak bost hilabete geroago erantzun ditu Udalak, informazio-eskaerari erantzuteko atzerapena publikoki salatu ostean.

Egindako azterketaren arabera, idazkari-kontuhartzailearen txostenak lau galderari erantzun die osorik, seiri partzialki eta hiru erantzun gabe utzi ditu. Udal-gobernuaren oharrari dagokionez, galdera bakarrari eman dio erantzun osoa, seiri erantzun partziala eman die eta beste sei erantzun gabe utzi ditu.

Zergatik behar izan dira bost hilabete galdera horiei erantzuteko? Zergatik iritsi dira azalpenak egoera publikoki salatu ondoren?

Gobernu taldeak ukatu egin du eskaintza teknikoan ontzat emandakoa

Udal-gobernuak ukatu egin du kontratuaren helburuetako bat alkatearen irudia hobetzea denik. Hala ere, BAI Komunikazioaren eskaintza teknikoaren hirugarren orrialdean berariaz jasotzen da «alkatea, udalaren erreferentzia nagusia den heinean, zintzotasuna, zorroztasuna, hurbiltasuna, eraginkortasuna eta integritatea bezalako baloreekin erlazionatzeko lana egin beharra dago».

Ildo horretan, kontuan izan behar da udal-gobernuak enpresa esleipendunaren eskaintza teknikoa onartu duela kontratua esleitzean, eta, beraz, eskaintza horretan jasotako proposamen eta jarduera-ildoak kontratazio-prozesuaren parte direla. Gauza bat da alkatearen jarduera instituzionalaren berri ematea, eta beste bat haren irudi publikoa lantzea.

Udal-gobernuak behin baino gehiagotan adierazi du Mundumirak eskaintzen zuen zerbitzuarekin pozik zegoela. Zerbitzu horren urteko kostua 18.137,90 eurokoa zen; kontratu berriaren urteko zenbatekoa, berriz, 29.038,79 eurokoa da.

 

Udal-gobernuak kontratu berriaren harira baliabide profesional gehiago eta presentzia fisiko handiagoa iragarri baditu ere, beharrezkoa da zehaztea zer zerbitzu berri eskainiko zaizkien irurarrei, lehendik eskaintzen ziren zerbitzuetan zer hobekuntza aurreikusten diren eta hobekuntza horiek zer adierazleren bidez ebaluatuko diren. Akaso alkatearen eta EH Bilduren irudia hobetzea dira zeregin berri horiek?

Bestalde, idazkari-kontuhartzailearen txostenak berariaz jasotzen du ez dela merkatu-prezioen konparazio formalik egin edo identifikatu. Udalaren oharrak ez ditu aipatzen idazkari-kontuhartzailearen txostenean jasotako hainbat alderdi. Horren adibide da, ekainaren 26tik abuztuaren 25era bitarteko zerbitzuaren estaldura juridikoa jasota ez egotea.

Gainera, EAJ-PNVren informazioaren arabera, Mundumiraren jabea eta BAI Komunikazioaren egungo zuzendaria pertsona bera dira, EH Bilduren agintaldian Gipuzkoako Foru Aldundiko komunikazio-zuzendari izandakoa.

Kontratuta, behin betiko esleipenaren aurretik

Aurrekari horrek ez du berez inolako irregulartasunik frogatzen, baina argitu gabe jarraitzen du zergatik aukeratu zen BAI Komunikazio enpresa lizitazioa egin aurretik eta zergatik iragarri zuen Udalak enpresa horrek zerbitzua emango zuela kontratua formalki esleitu aurretik.

Herritarrek eskubidea dute kontratazioari buruzko informazio osoa jasotzeko, diru publikoa zertara bideratzen den jakiteko eta gastuaren igoera justifikatzen duten onura zehatzak ezagutzeko.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA