Azken ikasturte honetan izandako gertakarien harira, Irurako EAJ-PNVk irmoki salatu nahi du Irurako EH Bilduren udal kudeaketa, ez baita egokia ez formetan, ezta edukiaren aldetik ere. Udal gobernuak ez du gardentasunik, informazioa ezkutatzen du, eta oposizioaren lana sistematikoki oztopatzen du: "jarrera horrek demokrazia bera kolokan jartzen du gure herrian, eta hortaz, eragin zuzena du herritarrengan".
Udalak ez du ekaineko ohiko bilkura egin, eta uztailean dagoeneko hiru ezohiko bilkura egin ditu, horietako bi aste beteko margenarekin, eta azkena EH Bilduko alkatearen oporraldiak baldintzatuta. Ezohiko bilkuretan, jakina denez, oposizioak ezin ditu galderak egin, eta horrela, kontrol funtzioa desaktibatzen da. EAJ-PNVren esanetan, "gobernantza-modu horrek argi uzten du EH Bilduk ez duela inongo interesik oposizioarekin lankidetzan aritzeko, eta are gutxiago, herritarren aurrean kontuak emateko".
Urtebete daramagu udal eraikinaren berritze lanen kostu zehatza eskatzen. Gogora ekarri behar dugu proiektu hau EAJ-PNVk proposatu zuenean EH Bilduk gogor salatu zuela, "gehiegizko gastua" argudiatuta, baina behin gobernura iritsita, inolako zalantzarik gabe aurrera eraman dute, eta ziurrenik gastu handiagoarekin. Apirilean galdera erregistratu genuen idatziz, eta oraindik ez dugu inolako erantzunik jaso.
Antzeko egoera bizitzen ari gara udal komunikazioaren kudeaketarekin: bigarren urtez jarraian, EH Bilduko bi kargu ohik osatutako agentzia bati esleitu zaio lan hori zuzenean, lehiaketarik gabe. Apirilean eskatu genituen kontratazioaren inguruko azalpenak eta erabakia justifikatzen zuten datuak, baina jasotako bakarra udal webgunearen trafiko datu batzuk izan dira. Komunikazio lan horien ardura nork duen ere ez da argi geratzen: aurrekontuetan agentzia agertzen da, baina udal gobernuak dio langile funtzionarioek kudeatzen dutela aplikazioa. Urtero ia 20.000 euro bideratzen dira zerbitzu batean, zeinaren funtzioak ez dauden behar bezala zehaztuta. Zergatik?
Bestetik, EH Bilduren gobernuak ez ditu osoko bilkuren aktak helarazten: joan den urtetik ez dugu akta bakar bat jaso, eta arrazoi gisa "denbora faltari" egiten diote erreferentzia. Baina akta horiek ezinbesteko tresna dira udal kudeaketaren jarraipena egiteko, bai oposizioarentzat eta bai herritarrentzat. Zer da ezkutatu nahi dutena?
Gainera, behin eta berriz ukatu digute udal talde modura legez dagokigun diru-ekarpena. Baliabide ekonomiko horiek funtsezkoak dira oposizioak bere lana egin ahal izateko eta gobernuaren jarduna kontrolatzeko. Baina EH Bilduk ez du nahi inork euren lana gainbegiratzerik, eta horregatik zapuzten dituzte baliabide horiek.
EAJ-PNVtik irmoki salatzen dugu jarrera hori, eta gardentasun, elkarrizketa eta lankidetza ardatz dituen gobernantza eredua aldarrikatzen dugu. Irurak merezi du udal bat herritarren zerbitzura egongo dena, ez interes partikularren mende.
Gardentasunik gabeko kudeaketak ez die herritarrei mesederik egiten. EH Bilduren egungo jarrerak argi erakusten du ez dagoela prest kontuak emateko, ezta udal jardunaren inguruko galdera zuzen eta arrazoituak jasotzeko ere. Irurako EAJ-PNVk argi dauka: “Irurak merezi du guztiontzako irekia den gobernua, gardentasuna bermatuko duena eta iritzi guztiak kontuan hartuko dituena”.