Tolosako Udalak antolatu du ikastaroa, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkartearen laguntzaz. Hiru asteartetan izango dira saioak (apirilaren 21ean, apirilaren 28an eta maiatzaren 5ean), 18:30etik 20:00etara. Galtzaundiren egoitzan egingo dituzte hiru saioak, Plaza Berrian. Doako ikastaroa izango da, eta ez dago izena eman beharrik.
Ikastaroaren helburua da eguneroko hizkuntza-jardunari erreparatzea, eta eguneroko euskarari «astindu bat» ematea, Euzkitzeren beraren hitzetan. «Ongi erabiltzen ditugunak finkatu, eta erdipurdi edo trakets erabiltzen ditugunentzat ordain egokiak bilatuko ditugu». Ez dira, ordea, gramatika-kontuetan aritzeko saioak izango: kantuak, jolasak eta ariketa errazak izango dituzte oinarri hiru saioetan, «gramatikaren zurrunbiloetan zorabiatu gabe».
Euzkitzeren esanetan, euskararen erabilerari eta kalitateari, biei erreparatu behar zaie. «Biak loturik doaz, izan ere: zenbat eta euskara-maila hobea izan, orduan eta adierazkortasun handiagoa izango dugu; zenbat eta errazago eta egokiago erabili, hainbat eta gehiagotan joko dugu euskarara». Horregatik, ikastaroan parte hartzeko deia egin die euskarak «kilimarik» eragiten dien guztiei, euskara-maila bat edo beste izan. «Elkarrekin ikasiko dugu!».