Euskararen aurkako erasoa salatzeko elkarretaratzea, larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi Euskara Taldea

Euskararen aurkako enegarren epaiaren berri izan dugu. Oraingo honetan, eskuin muturreko Vox alderdi espainiarraren eskariz, Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko udal legea hizkuntzaren arloan aplikatzeko dekretutik hainbat artikulu bertan behera uztea babestu du, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatziz.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, elkarretaratzeak deitu ditu epai hori salatzeko. Tolosaldearen kasuan, Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak eta UEMAk eskualde mailako elkarretaratzea deitu dute larunbat honetarako, 12:00etan, Tolosako udaletxearen aurrean. Bi erakundeok dei egiten diegu Tolosaldeko udalei, euskalgintzako eragileei eta herritarrei uztailaren 19an Tolosako Plaza Zaharrean egingo den elkarretaratzean parte hartzera.

Udalerri euskaldunentzat mugarria izan zen EAEko udal legea, elebitasun simetrikoa gainditzeko eta euskara lehenesteko aukera eman zuelako. Orain, epaiak babes juridikorik gabe uzten ditu udalak, euskararen normalizazion eragiteko dagoen gizarte mailako adostasun demokratikoaren aurka. Neurri hau herritarren hizkuntza eskubideen aurkakoa da eta helburu argia du: euskararen erabilera oztopatu eta gaztelania inposatzea. Tolosaldean euskara naturaltasun osoz transmititzen da eta herritarrak euskaraz bizi gara nagusiki; udalen jarduna naturaltasun horren jarraipena besterik ez da. Udal Legearen artikuluak baliogabetzea, gure hizkuntza normaltasunez erabiltzearen eta sustatzearen aurkako erabakia da.

Epaiari buruzko informazio gehiago hemen.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA