Elkarretaratzea astelehenean, epaitegietatik etorritako euskararen aurkako azken erasoa salatzeko

Epaitegietatik euskararen aurkako erabaki berri bat hartu dela jakin berri dugu. Zehazki, Iurreamendi egoitzako lanpostuak egonkortzeko lan-deialdian hizkuntza eskakizunen aurkako epaia eman du Donostiako epaitegi batek. 

Kasu honetan, gainera, adineko egoitzei eragiten die epaiak, gure herrietako sektore zaurgarrienetako baten eskubideak urratuz. Jasotako sententziak, Kabia erakundearen baitako egoitzetan euskaraz artatuak izateko bermea ezabatzen digu herritarroi.

Zerbitzu publikoek herritarron hizkuntz-eskubideak bermatu behar dituzte eta epai hau kontrako norantzan doa. Herritarrokin zuzeneko harremana izango duten lanpostuetan euskararen ezagutza eskatzeak, herritar guztion eskubide linguistikoak bermatzea ziurtatzen du. Kasu honetan, gainera, adineko egoitzei eragiten die epaiak, gure herrietako sektore zaurgarrienetako baten eskubideak urratuz. Adinean aurrera joandako edo mendekotasun egoeran dauden herritarrak dira zerbitzua zuzenean jasotzen dutenak eta egoera horietan are gehiago, zaintza behar bezala jasotzeko benetan erabakigarria da hizkuntza. Pertsona zaurgarrienak duintasunez eta beraien hizkuntza erabiliz zaintzeko baldintza eta bermea da lanpostu horietarako hautagai guztiak zerbitzuak eta arreta euskaraz eskaintzeko gai izatea.

Azken sententzia hau herritarren hizkuntza eskubideen aurkakoa da eta helburu argia du: euskararen erabilera oztopatu eta gaztelania inposatzea. Tolosaldean euskara naturaltasun osoz transmititzen da eta herritarrak euskaraz bizi gara nagusiki; adineko egoitzetako jardunak naturaltasun horren jarraipena izan behar du. Eraso honen aurrean, Galtzaundi Euskara Taldetik dei egiten diegu herritarrei urriaren 28an, 19:00etan, Tolosako epaitegiaren aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzera. Euskararen aurkako erasoak gelditzeko, gure hizkuntzaren normalizazioan pausoak emateko eta guztiok euskararen erabilera indartzeko garaia da.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean