‘Tolosaldean Behin’, Euskararen Eguneko aurtengo jolasa

Urtero bezala, aurten ere euskararen egunerako proposamena landu du Galtzaundi Euskara Taldeak; eta, iaz bezala, jolasa eta jokoa uztartzen dituen proposamen ludikoa proposatu du: ‘Tolosaldean Behin’ lehiaketa. Eskualdeari buruzko 22 galderez osatutako lehiaketa da Tolosaldean Behin, eta izenak aditzera ematen duen bezala, Egunean Behin aplikazioaren antzeko jolasa izango da.

Herri bakoitzak egokien ikusten duen lekuan, egunean eta orduan antolatuko du lehiaketa. Herritarrek mugikorrarekin azaldu beharko dute lekura, eta momentuan adieraziko den webgune batera sartu beharko dute. Bakoitzak bere mugikorrean erantzun behar ditu galderak; 30 segundo izango dira galdera bakoitza erantzuteko. 22 galdera, eta galdera bakoitzean lau erantzun posible. Zenbat eta erantzun zuzen gehiago, orduan eta puntu gehiago; zenbat eta lehenago erantzun galderak, orduan eta puntu gehiago. Azkartasuna eta zuzentasuna uztartu beharreko lehia da, beraz, aurten proposatu dena.

Sari polita izango du irabazleak. Galtzaundi urte amaierarako umore ikuskizun bat ari da prestatzen, eta bertarako gonbidapenak izango ditu herri bakoitzeko irabazleak. Herri bakoitzeko irabazlea izateaz gain, eskualdeko lehiakiderik onena ere izendatuko da, eta sari gehigarria izango du eskualdeko lehiakide onenak. Eguna iritsi ahala emango da herri bakoitzeko agendaren berri.

Urteroko proposamena Euskararen Egunean

Aurtengoan ere lehia, jolasa eta jokoa proposatuko ditu Galtzaundik, beraz, iazko Euskal Kantuen Bingoaren ideiari jarraika. 2017tik urtero, Euskararen Egunerako proposamen bat lantzen du Galtzaundi Euskara Taldeak, urte batzuetan aldarritik gehiago izan duena, beste urte batzuetan, berriz, proposamen ludikoa egin du. 2017 hartan 28 herrietan mosaiko bana egin zen, eta guztien artean “Tolosaldean euskarak 365 egun!!” lema osatu zen; 2019an Hitzolariak jarri ziren martxan; eta 2021ean “Maitatu eta egin ez, berdintsu latinez” leloz bete ziren buzoiak eta ezkaratzak.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean