Euskaltzale Independentiston Topaketa zertarako?

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Herrian Euskaraz 2026ko apirilaren 21a

Korrikaren olatuak utzitako uberan, badator Euskaltzale Independentiston Topaketaren bigarren edizioa helburu argi batekin: euskaltzaleon Pizkundea indartzeko xedearekin. Hausnartzeko, formatzeko, ikasteko, jolasteko, dibertitzeko, saretzeko, finean, bi egunez, Euskal Herri euskalduna irudikatu eta gorpuztuko dugu Azpeitian. Euskal Herri osoko euskaltzaleak batu eta, eguneroko borrokara indarberrituta itzultzeko, arnasaldi bat emango digu apirilaren 24 eta 25eko topaguneak.

Gero eta bortitzagoa den indibidualizazioak bestelakorik sinetsarazi nahi badigu ere, gizakiok animalia sozialak gara; alegia, berezko ditugu taldean bizitzeko eta harremantzeko beharra. Zentzu horretan, hizkuntzak berebiziko garrantzia du, elkarrekin komunikatzeko ez ezik, munduan egoteko eta munduari begiratzeko modu bat ematen digulako. Horregatik, euskararen desagerpenak ez luke hizkuntza baten desagerpena bakarrik eragingo; hori gutxi ez eta, mundu ikuskera oso bat galduko litzateke, munduko aniztasunean kalte nabarmena eraginez eta kapitalismoari bikain letorkion homogeneizazio prozesuan sakonduz. 

Euskararen borroka hor kokatuz, uste dugu garrantzitsua dela sistema zapaltzaile honen aurka diharduten bestelako borroka askatzaileekin batera lantzea euskararen biziberritzea, baita Euskal Herriaren askapen prozesua bera ere. Ez dugu zapalkuntza berak erreproduzituko dituen Euskal Herria eraiki nahi; herri euskaldun, aske eta burujabea eraikitzea baita gure azken xedea. 

Animalia soziala garen heinean, euskararen borroka ezin genezake kolektibotik edo norbanakoen arteko dependentzia horretatik at ulertu. Hain justu, horixe da gure indargunea, kolektiboki eta kolektiboa antolatzea. Horretarako nahia izatea da lehenengo urratsa eta, jarraian, horretarako espazioak sortzea. Nahia badugu eta nahi hori zabal dadin, pegagogia euskaltzalea eta independentista egiten dihardugu. Era berean, espazioak eta elkarguneak sortzen gabiltza, topaketa hauek kasu. 

Jakin badakigu erronka mardulak ditugula parez pare eta euskararen borroka birpentsatzeko unea iritsi dela. Egungo testuingurua irakurtzen eta beharrak identifikatzen asmatu behar dugu euskarak aurrera egin dezan. 1979tik, EHE sortu zenetik, gauzak asko aldatu dira, hori ezin genezake uka. Baina, funtsean, euskara eta euskaldunak zapalduta jarraitzen dugu, eta zapalkuntza horren erantzule nagusiak frantziar eta espainiar estatuak dira. Amesten eta borrokatzen dugunaren aurka ari dira, une oro eta aktiboki, euskararen eta euskaldunon desagerpena sustatuz.

Ia mende erdi igaro den arren, EHEren aldarri nagusiak bere horretan dirau: Euskal Herri euskalduna. Horretarako, eragile euskaltzaleak argi izan du hasieratik independentzia ezinbesteko dugula; alegia, Euskararen Errepublika. Gaur gaurkoz, badakigu bi estatu zapaltzaile horien atzaparretatik askatu ezean zer datorkigun, eta badakigu munduko gainerako estaturik gabeko nazioen bilakaera ere zein izan den. 

Euskarak egiten gaitu euskaldun eta euskarak egiten gaitu herri. Euskararen alde modu askotara borrokatu genezake, baina EHEtik argi daukagu errora jo behar dugula. Euskararen zapalkuntza egiturazko arazoa izanik, egitura hori da irauli beharrekoa eta horregatik da ezinbestekoa euskararen borroka estatu propio baten beharrarekin uztartzea; osterantzean, ez baitugu arazo estrukturala gainditzerik lortuko. Hori argi izanik, gaurtik ari gara borrokan eta euskaltzaleoi ere horretarako deia egiten dizuegu. Bide horretan, datorren ostiral eta larunbateko hitzordua beste mugarri bat izango da. 

Aurrera goaz, bazatoz?

Markel Adin Bidegain eta Intza Gurrutxaga Loidi (EHEko koordinatzaileak)

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA