EAJ-PNVren udal taldeak publikoki adierazi nahi du 2026ko aurrekontuen negoziazio-prozesuan EHBILDUk arduragabekeriaz eta errespetu faltaz jokatu duela. Izan ere, batetik, aurrekontua lantzeko eta eztabaidatzeko EHBILDUk berak ezarririko kronograma ez du bete, eta, bestetik, aurkeztutako zuzenketei ez die inolako erantzunik eman.
Gure taldeak EHBILDUk zehaztutako datan, azaroaren 20an, alegia, helarazi zizkion EHBILDUren gobernuari aurrekontuari aurkeztutako zuzenketak, baina ez zuen inolako erantzunik jaso, ez idatziz, ez biltzeko proposamenik eginez. Azaroaren 27ko Ogasun Batzordean, berriz, EHBILDUren bozeramaileak onartu egin zuen haiek emandako kronograma ez zutela bete.
EHBILDUren aurrekontua errealitatetik urrun
2026rako EHBILDUk bere botoez soilik onartu duen proposamena ez dator bat Amasa-Villabona udalerriko benetako egoerarekin, zenbait proiektu gauzatzeko partiden diru-hornidurak ez baitio benetako beharrari heltzen. Hona hemen zenbait adibide:
Kiroldegia: egoera kezkagarria da, urteak daramatzagulako kontratu berria lizitatu gabe eta hilero kontu-hartzailearen eta idazkariaren kontrako txosnarekin ari direlako ordainketak egiten. Une honetan kiroldegiak duen gastu energetikoaren aurreikuspena 360.000 eurotik gorakoa da,( 210.000€ ekarpen zuzena + 150.000 argia eta gasa ) egoera irregular hau gehiago luzatu ezin bada ere.
Arroako Plaza: plazaren lanak direla eta, garajeetan ur-filtrazio larriak agertu dira eta horien konponketari aurre egiteko 1.000 euro besterik ez ditu aurreikusi EHBILDUk, argi dagoenean kopuru hori ez dela inondik inora nahikoa izango seguruenik 500.000 euro ingurukoak izango diren kalte-ordainak ordaintzeko.
Txermingo aparkalekua: 2025eko Santioetarako amaituta behar zuen gune honek, argiztapenik gabe eta auto elektrikoentzako kargagailurik gabe jarraitzen du une honetan.
Liburutegi berria: besteak beste, URAren baimenik ez duen eta irisgarritasun arazo larriak dituen gabeziez beteriko proiektu hau gauzatzeko 10.000 euroko zuzkidura besterik ez du aurreikusi EHBILDUk, eta obra honen kostua 800.000 euro baino handiagoa izango da.
Aurrekontu hauek ez dira balekoak
Aurrekontuek ez dute udalaren errealitatea islatzen eta, bertako proiektuak gauzatuko badira, aurreko urteetako erremanentea erabili behar izango dira; horrek proiektuen gauzatzea atzeratuko du eta haien ordainketak blokeatuko ditu. Inertzia hutsak gidatzen du EHBILDUren jarduna, ez baitu beharrei aurre egiteko era egokian planifikatzen, ezta kudeatzen ere.
Horregatik guztiagatik ezezkoa eman die EAJ-PNVk EHBILDUk onartutako aurrekontuei. EHBILDUk bestela adierazten badu ere, aurrekontu hauek ez die herritarren interesei erantzuten, EHBILDUk ez baititu bermatzen Amasa-Villabonak behar duen lidergoa eta eraginkortasuna.