Euskadik langabeziaren kudeaketa bere gain har dezan adostu den akordioa ospatu du Maribel Vaquerok: "Insistentziak eta EAJren lanak beren fruituak eman dituzte"

Erabiltzailearen aurpegia Amasa Villabonako EAJ 2025ko ira. 18a, 10:12

Kongresuko Euskal Taldearen bozeramaile Maribel Vaquerok defendatu duenez, langabezia-prestazioen kudeaketaren eskumena eskualdatzeko akordioa "aurrerapauso handia da Euskadirentzat"

“Oso balorazio positiboa egiten dugu, oso pozik gaude gaur lortu den akordioarekin, Eusko Jaurlaritzak bere gain har ditzan langabeziaren kudeaketari dagozkion eskuduntzak”, esan du gaur, asteazkenarekin, Euskal Taldeko bozeramaile Maribel Vaquerok Kongresuan bertan María Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Autogobernu eta Administrazio Digitaleko sailburuaren eta Joaquín Pérez Rey Enpleguko eta Gizarte Ekonomiako estatu-idazkariaren artean egin den bilera amaitutakoan,non langabezia-prestazioak eta -subsidioak kudeatzeko eskumenak Euskadiri transferitzea hitzartu baita.

“Iragan uztailean ezin izan zen, baina ematen du gaur, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Taldearen ekinari esker, lortu ahal izan dela akordio hauek adostea”, adierazi du Vaquerok. Udan, hain zuzen, bozeramaile jeltzaleak txalotu egin zituen autogobernu alorrean Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko Batzorde Mistoan  eman ziren aurrerapausuak, EAJ-PNV eta PSOEren artean inbestidurarako adostu zen akordioan jasotakoa betez. Une hartan Pedro Sánchezi ohartarazi zion  oporren bueltan izango zuela “errebalida”,eta orduantxe zain izango zuela Euskal Taldea.

“Pausu handia da Euskadirentzat eta EAJrentzat, hemen (Madrilen) zertarako gauden erakusten duelako. Esan nahi du egunero egiten dugun lanak azkenean emaitzak dakartzala”, azpimarratu du Vaquerok.

Era berean gogoratu du erabaki honekin betetzen dela  Gernikako Estatutuaren beste zati bat, “osorik bete gabe jarraitzen duena”, bai eta EAJk PSOErekin izenpetu zuen inbestidura akordioan jasotakoa ere. Edozein kasutan, Eusko Jaurlaritzak iragarri duenaren ildo beretik gogoratu du “akordioa gauzatzeko hainbat bilera falta direla”, eta nabrmendu du Euskal Taldeak “jarraipena egingo duela behar besteko urratsak eman daitezen adostu den eskualdaketa errealitate bat izan dadin”.

Gaur adostutakoak dakar Euskadik bere gain hartuko dituela Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) 30 bulegoak eta bulego horietan lan egiten duten 530 langile baino gehiago. Urriaren amaieran bilduko da Transferentzien Batzorde Mistoa, eskualdaketa lantzen jarraitzeko eta Gernikako Estatutua betetzeko.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA