2024ko irailaren 25eko Udal Batzak 2025 urtean amasatarrek eta villabonatarrek ordainduko dituzten tasak onartu zituen, baina Ehbilduren Plenoan parte hartu zuten 7 kideen botoekin soilik; izan ere, Amasa Villabonako EAJ udal taldea abstenitu egin zen eta ez zuen babestu Beatriz Unzueren gobernuak aurkeztu zuen proposamena, EAJ udal taldea ez baitator bat zaborren tasaren igoerarekin.
Beatriz Unzueren taldeak zaborren tasaren %40ko igoera onartu zuen eta Amasa Villabonako EAJ udal taldekideon ustez, gehiegizkoa da onartutako igoera. Gainera, horrelako igoera Ehbilduren udal gobernuaren aurreikuspen eta planifikazioaren faltari zor zaie, Europako Legebiltzarrak 2018an onartu baitzuen tasen bidez zaborren kudeaketen gastu guztiak kitatzera behartzen duen araudia, hau da, Amasa Villabonako udal gobernuak igoera bat-batean planteatu beharrean, urtez urte igoera txikiagoak plantea zitzakeen, eta ez du horrela jokatu, EAJk igoera progresiboki eta urte ezberdinetan egitea eskatu bazion ere.
Gainera, EAJ udal taldeak uste du Ehbilduk onartu duen igoerak ez duela 2018/851 Europako direktibak zehazten duena betetzen, tasak ez baitio erantzuten direktibaren printzipio nagusiari. Arauaren helburuetako bat zabor gehien sortzen duenak gehiago ordaintzea da; Ehbilduko gobernuak, aldiz, amasatar eta villabonatar guztiei % 40 igoko die tasa, etxebizitzan zenbat kide bizi diren edota horiek birziklatzen duten ala ez kontuan hartu gabe. Direktiba ez betetzeaz gain, guztiz bidegabea iruditzen zaigu erabakia EAJko udal taldekideoi, zabor gutxiago sortzeko ahalegina egiten duten herritarrak zigortzen ditu-eta.
Harritzekoa iruditzen zaigu Beatriz Unzueren gobernuak EAJ udal taldearen proposamenari entzungor egin izana, beste zenbait herritan, Andoainen edo Hernanin, kasu, tasa urte ezberdinetan igoko dutelako – 2 eta 3 urtetan, hurrenez hurren-, eta beste batzuetan, Donostian, esaterako, tasaren kalkulurako biztanleek sortutako zabor kopurua eta birziklatzea aintzat hartzen direlako. Gauzak beste modu batera egin daitezkeelako seinale.
Bada garaia EHbilduren gobernuak Amasa Villabonako herritarrak tasen igoerekin ito beharrean, plangintza serio eta sakon bat egiteko. Plangintza horretan tasen bidez lortzen diren diru sarrerak bezain garrantzitsuak dira sortzen diren gastuak, eta Amasa Villabonako herriak zulo handia du horretan, batez ere 2022ko martxotik egoera irregularrean dagoen kiroldegiarekin (2023an 511.443,08€ jarri behar izan ditu).
Behar handiak ditu Amasa Villabonak, Txermingo berrurbanizazioa, Amasako Espaloia, HAPOaren berritzea,Agaraiz auzoko lanak, besteak beste, baina horiei heldu beharrean kontu txikiei ematen diete lehentasuna. Argi dago Ehbilduren gobernua ez dela Amasa Villabonako herritarrek dituzten eguneroko arazoak konpontzen asmatzen ari.