Alegiako Energia Komunitatea sortzeko lehen urratsak eman dira

Erabiltzailearen aurpegia Alegiako Udala 2023ko mar. 21a, 13:21

Martxoaren 13ko bileran herritar ugari elkartu zen eta aurreinskripzioek zabalik jarraitzen dute

Martxoaren 13an Alegiako Tokiko Energia Komunitatearen inguruko lehen bilera irekia egin zen herritarrekin. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Alegiako Udala elkarlanean ari dira egitasmo hori garatzen eta bi erakundeetako ordezkariek hartu zuten hitza kultur etxeko areto nagusian egindako saioan. Arantxa Irazusta alkateak sarrera bat egin zuen eta EDINOReko Josu Etxebarria teknikaria izan zen energia komunitatearen inguruko xehetasunak eman zituena. Bileran parte hartu zuten herritarrei eskerrak eman nahi zaizkie Udaletik, azaldutako interesagatik.

Lotura honetan Alegiako Energia Komunitatearen inguruko informazio guztia kontsultatu daiteke. Bertan ohiko galderen atala (FAQ) topatuko duzue eta bertan informazio ugari dago. Webgune horren bidez aurreinskripzioa ere egin daiteke. Hori egiteak ez du inolako lotura edo konpromisorik sortzen. Erabiltzaileak nahi beste galdera egin ditzake edo nahi beste zalantza argitu. Behin horiek argituta, norberaren erabakia izango da izena ematea edo ez. Ematea erabakitzen dutenei argindar faktura bat ondoan izatea komeni zaie. Kontratuaren titularra eta CUPS zenbakia (kontuko 20 digitoak) eskatzen dira.

Martxoaren 13ko bileratik bazkide fundatzaile izateko beharrezkoak diren bazkideetatik bik (lehendakaria eta diruzaina) izena eman zuten eta hori ere eskertu nahi du Udalak. Kargu horiek sinbolikoak dira eta denborarekin aldatu egingo dira. Guztira hiru izaten dira bazkide fundatzaileak eta komunitatearen idazkaritza Udalari dagokio.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean