2022ko aurrekontu partehartzaileen emaitzak eman dira aurrera Iruran

Maider Navarro Alustiza 2023ko mar. 28a, 11:15

 "Garbileku-plazako argiztapena eta segurtasun-sarea jartzea" izan dela baldintza guztiak betetzen dituen proiektu bakarra

2022ko aurrekontu parte-hartzaileetan herritarrek egindako proposamenak jaso eta Irurako Udal bulego teknikoak, proposamenen bideragarritasuna aztertu ondoren, jakinarazi du "Garbileku-plazako argiztapena eta segurtasun-sarea jartzea" izan dela baldintza guztiak betetzen dituen proiektu bakarra. Beraz, lan hauek eman dira aurrera. 

2023ko aurrekontu parte-hartzaileak ere martxan jarri ditu Irurako Udalak

2023. urtean 50.000€ erreserbatu dira herritarrek egindako proposamenekin inbertsioak egiteko. Iruran erroldatuta dagoen eta 16 urte bete dituen edozein herritarrek, edota erroldatuta ez egon arren, bertan jardueraren bat (merkataritzan, enpresetan, elkarteren batean, etab) garatzen duen pertsonak egin ditzake proposamenak.

Proiektu hauek aurkezteko epea apirilaren 3tik 21era arte irekiko da, Udaleko harrera bulegoan aurkeztuta, udalaren webgunean online formularioa beteta, APPko parte hartze atalean formularioa beteta eta Kulturunean jarriko den postontzian. Aurkeztutako proiektu hauek iruratarren interes orokorrari erantzun beharko diote.

Proposamenak Irurako Udalera bidali ostean, tekniko eta talde politikoen ordezkariez osatutako mahai batek proiektu bakoitza aztertu eta balorazioa egingo du. Proposamenei oniritzia emateko hurrengo irizpideak erabiliko dira:

  • Interes publikoari erantzutea, ez interes pribatuari.
  • Udalaren konpetentzia izatea.
  • Teknikoki bideragarria izatea.
  • Aurreikusitako diru kopuruarekin bateragarria izatea.
  • Inbertsio motako proposamena izatea.

 Balorazio mahaiaren emaitzak publiko egin eta gero herritarrek proiektu ezberdinen inguruko informazioa jasoko dute. Oniritzia jasotzen duten proiektuak botazio fasera igaroko dira. Era berean, udaleko sail ezberdinek proposatutako proiektuak ere igaro daitezke fase honetara.

Bozketa honetan 16 urte bete dituzten eta Iruran erroldatuta dauden herritarrak, zein erroldatuta ez egon arren, bertan jardueraren bat (merkataritzan, enpresetan, elkarteren batean, etab) garatzen duten pertsonak parte hartu ahal izango dute. Botoen bidez, aurkeztutako proiektu ezberdinen artean herritarrek bat aukeratuko dute, herriaren garapenerako garrantzitsuena deritzon proiektuari bozka emanez. 

Proiektu hauek aurkezteko epea maiatzaren 8tik 11ra arte irekiko da, Udaleko harrera bulegoan aurkeztuta, udalaren webgunean online formularioa beteta, APPko parte hartze atalean formularioa beteta eta Kulturunean jarriko den postontzian. 

Bozketako emaitzak lotesleak izango dira Udalarentzat, eta boto gehien lortu dituen proiektua exekutatu beharko da derrigor.

Proiektu irabazlea exekutatzeak prozesu honetara bideratutako diru kopuru osoa ez gastatzea suposatuko balu, boto emaitzen hurrenkera jarraituta proiektu gehiago exekutatuko dira, 50.000 euroko kopurua amaitu arte, beti ere irabazi ez duten proiektuek emandako boto kopuruaren artean %10eko babesa lortu badute, gutxienez.

Beste proiektuek botoen portzentaje hori eskuratuko ez balute, Udalak erabakiko luke gerakina zein inbertsiotara bideratu. Udalaren esku egongo da, era berean, irabazlea izan den proiektuaz gain, besteren bat exekutatzea nahiz eta 50.000€ko kopurua gainditu, aurreko irizpide guztiak beteta.

Aukeratutako proiektuen exekuzioan herritarren partaidetza bermatzeko formulak bilatuko dira eta prozesu guztiaren informazioa zabalduko da Irurako webgune zein Irurako Udalak bere eskura dituen kanal guztietatik.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean