Oihane Mateos kazetari ibartarra zendu da

Maider Navarro Alustiza 2026ko abuztuaren 9a

Irudia: EITB

EITBko albiste zerbitzu digitaleko burua zen 2022az geroztik, eta ibilbide profesional luze nahiz oparoa osatu zuen Euskal Telebistan zein Euskadi Irratian.

Tristuraz jaso du euskal kazetaritzak Oihane Mateos kazetari ibartarraren heriotzaren berria, 45 urte zituela. Bere bizitza profesional osoa informazioari eta EITB taldeari lotuta igaro du, ikus-entzunezkoen zein ingurune digitalaren eremuan erreferente bilakatuz.

Ibarrako kazetariak Euskadi Irratian eman zituen lehen urratsak bekadun gisa. Horren ondoren, Euskal Telebistako programa ugaritan lan egin zuen, eta ikusle zein entzuleentzat ezaguna egin zen ‘Gaur Egun’ eta ‘Teleberri’ informazio-saioetan erredaktore zein aurkezle aritu zenean. Horrez gain, ETB2ko ‘De Boca en Boca’ saioa ere zuzendu zuen.

Eraldaketa digitalaren sustatzaile

Bere ibilbide profesionalaren azken urteak EITBko arlo digitala garatzen jardun ditu, ardura handiko karguetan. Albistegi Digitaletako buru izendatu zuten 2022an, eta ordudanik kargu horretan aritu da buru-belarri.

Mateosek ahalegin eta indar handia jarri ditu erredakzioaren eraldaketa teknologiko zein narratiboan. Hain zuzen ere, bere gidaritzapean hasi zuen ibilbidea 'Orain' EITBren albiste zerbitzu digitalak, gaur egungo informazio-ereduari erantzuna emanez.

 

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA