Ioseba Mateosek irabazi du Le Flow des Gabarriers probako IV. edizioa

Erredakzioa 2026ko ekainaren 18a

Ioseba Mateosek garaipen handia lortu du Frantzian jokatutako Le Flow des Gabarriers probako IV. edizioan. Charente ibaian egiten den 33 kilometroko ur irekietako zeharkaldia da, Châteauneuf-sur-Charente eta Cognac artean, eta Frantziako etenik gabeko ur irekietako igeriketa-maratoirik luzeenetakoa da. Mateosek neoprenorik gabeko kategorian parte hartu zuen.

Ioseba Mateosek bere garaipen zerrenda luzatzen jarraitzen du. Aurtengo edizioa bereziki gogorra izan zen, proba pasa den larunbatean egin zen,  uraren tenperatura 18 eta 20 gradu artean zegoen eta ibaiko emari txikiak korronte lagungarri gutxi eskaintzen zuen. Gainera, parte-hartzaileek hainbat esklusa eta presa gainditu behar izan zituzten, horrek dakarren zailtasun erantsiarekin. Lehen kilometroetan denbora pixka bat galdu bazuen ere, Mateosek lasterketaren erdialdean liderra harrapatu eta sailkapenaren buruan jarri zen.
Probaren azken zatian arazo fisikoei aurre egin behar izan zien, besteak beste karranpei, sorbaldetako minari eta eskuetako lokartzeari. Hala ere, bere bikotekideak kayak-etik eskainitako  laguntzarekin, erritmoari eustea eta lehen postuan jarraitzea lortu zuen. Azken kilometroetan garaipena gertu zuela ikusita, ahaleginari eutsi eta helmugara lehen postuan iritsi zen.
Proba 7 ordu, 26 minutu eta 14 segundoko denboran osatu zuen. Emaitza horri esker, neoprenorik gabeko gizonezkoen kategorian garaile izan zen, bere atzetik sailkatu ziren Sylvain Campredon eta Patrick Martinieren. 

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA