Ibarrako kaleetan euskararen erabilera % 52,3koa da

Erredakzioa 2024ko ots. 29a, 15:04

Gazteak eta haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, eta beste belaunaldi guztietan jaitsiera erregistratu da, baita haurretan ere.

Hizkuntzen Erabileraren 2023ko Kale-Neurketaren emaitzak aurkeztu dituzte Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalak eta UEMAk.  Neurtutako hizkuntzen kale erabileran erabilera datu hauek jaso dira: euskaraz % 52,3 euskaraz, gaztelaniaz % 43,4 eta gainerako hizkuntzetan % 4,3.

Euskararen kale-erabilera mende honetan apurka-apurka beheraka doa: 2000. hamarkadako lehen urteetan % 56 zen bataz besteko euskara erabilera, eta azken neurketetako bataz bestekoa % 50 da. Beti egon dira gorabeherak Ibarrako neurketetako euskararen erabileran, baina beherako joera apala erakusten du bilakaerak.

Galtzaundik jakinarazi duenez, gazteak (% 72) izan dira kalean euskara gehien entzun zaienak, eta apur bat gutxiago entzun zaie haurrei (% 67). Jarraian, heldu-gazteek darabilte gehien (% 50); hurrena, heldu-nagusiek (% 39) eta gutxien adinekoek (% 37). Alderaketa horretan azpimarratzekoa da 24 urtetik gorakoen eta beherakoen artean dagoen aldea: 24 urtez azpikoek % 68ko erabilera erregistratu dute; 25 urte baino gehiago dituztenek, berriz, % 41ekoa.

Haurren erabileraren garrantzia ere azpimarratu du Galtzaundi Euskara taldeak, jaitsi egin baita: bai haurrak elkarrekin hizketan ari direnean, baita helduekin ari direnean ere. Helduen arteko elkarrizketen % 45 dira euskaraz, aldiz, helduak eta haurrak nahasian daudenean 19 puntu egiten du gora erabilerak; eta 9 puntu helduen erabilerak. Beraz, haurren presentziak eta haurren jardunak ingurunea euskalduntzen dutela azaldu dute.

Ibarran geroz eta jatorri gehiagotako jendea bizi da, eta hori kalean entzuten diren hizkuntzetan ere antzematen da; Ibarran geroz eta hizkuntza gehiago entzuten dira. neurtzen direnez geroztik inoizko presentziarik handiena izan dute: %4,3koa. Ehuneko hori Tolosaldeko herriak kontuan hartuz jasotako altuena da. Haurrak eta guraso gazteak dira euskara eta gaztelera ez diren beste hizkuntzak gehien erabili dituztenak: heldu-gazteen %11 neurtu da, eta haurren %5.

EGIN ZAITEZ KOMUNITATEKO KIDE!

Bidali zure izen-abizenak, e-maila, telefono zenbakia eta zure edo zure erakundearen argazki edo logotipo bat hurrengo helbideetara:

WHATSAPP: 695 781 072

E-MAIL: edukia@28kanala.eus


Parte hartu komunitatean