20. urteurrena ospatu zuen larunbatean Berrobirak. Ohiko formatuari eutsiz, haur nahiz helduek izan dute Berrobiri korrika buelta emateko aukera. Helduen lasterketa hasi aurretik, uztailean hil zen Mikel Belaunzaran herritarrari omenaldia egin zioten. Ondoren hasi zen korrikalarien arteko lehia estua.
Herritarrek egindako lanari esker lasterketan parte hartu zuten 50 korrikalariek giro bikaina jarri zuten. Parte hartzaileentzat bero egiten zuen eta ibilbideak duen aldapa kontuan izanda lasterketa gogorra izan zen. Amets Aranberrik hirugarren itzulian egindako erritmo aldaketa bati esker lortu zuen proba irabaztea. Zestoarrak 23 minutu eta 52 segundo behar izan zituen lasterketa amaitzeko, 46 segundora helmugaratu zen Unax Armendariz ibartarra eta Josu Goenaga tolosarra 1:48ra. Azken honek lehia estua izan zuen Mikel Gabirondorekin, podiumeko azken koxkara nor igoko zen azken metroetan erabaki zen.
Emakumezkoei dagokionean, Idoia Nogales izan zen azkarrena, sailkapenean 13. postua lortu zuen debatarrak, 28 minutu eta 27 segundo behar izan zituen proba amaitzeko, 56 segundora iritsi zen Itziar Ibarbia alkizarra. Podiuma Laiane Arrospide tolosarrak osatu zuen, 30 minutu eta 10 segundoan geratu zuen kronoa. Denera 50 korrikalarik parte hartu zuten lasterketan, tartean 10 emakumek. Hauxe da lasterketaren sailkapena.