XXV. Argazki rally herrikoian izena emateko epea zabalik

Maialen Bastarrika Luengo 2023ko urriaren 6a

Izena emateko azken eguna urriaren 10a izango da. Rally-a urriak12tik 15era burutuko da.

Berastegiko Udalak XXV. Argazki rally herrikoia antolatu du, kultur astea ospatuko dutela-eta.

Parte hartu nahi dutenek telematikoki edo presentzialki eman beharko dute izena urriaren 10a baino lehen. Online izena emateko, kultura@berastegi.eus -era idatzi beharko dute, edota 688 681 952 zenbakira WhatsApp mezu bat bidali. Ordea, parte-hartzaileek izen-ematea presentzialki egin nahiko balute, herriko udal bulegora joan beharko lirateke, edo 943 68 30 00 zenbakira deitu.

Urriaren 11an, egunean zehar, parte-hartzaileei rally-rako aukeratu duten gaia helaraziko zaie, hurrengo egunean lanean has daitezen.

Hauek dira parte-hartzaileek bete behar dituzten baldintzak:

- Argazkiak Berastegiko eremuetan ateratzea.

- Ateratako argazkiak ez manipulatzea (Photoshop edo antzerako baliabideak erabiltzea, alegia).

- Ateratako argazki guztietatik hiru aukeratu beharko dituzte, eta hauek aurrez aipatutako helbide elektronikora bidali urriaren 15ean, 23:59ak baino lehen.

Epaimahaiak hiru argazki onenak aukeratu eta saritu egingo ditu, eta azoka egunean, azaroaren 5ean, irabazleen izen-abizenak esango dituzte.

Argazkiak udalaren webgunean eta udaletxean ikusgai egongo dira Kultur Aste osoan zehar.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA