Urriaren 22an ospatuko duten Kulturarteko Festa izango da gai nagusia
"Mundu bat Asteasun!" proiektuak urrats berri bat emango du datorren larunbatean. Izan ere, 2. aldiz bilduko da Kulturateko Espazioa, proiektua gidatzen duen espazioa. Asteasun jaiotako, zein kanpotik etorritako herritarrak biltzen dituen gunea. Maiatzean egin zuten lehen bilera, eta ordukoa bezala, hau ere jendetsua eta emankorra izatea espero dutela adierazi dute proiektuko antolatzaileek.
Maiatzean egin zuten lehen bileran, 3 talde osatu ziren eta Kulturarteko Espazioaren 2. bileran talde horien lanari eutsiko zaio. Zehazki, hauek dira martxan jarritako taldeak:
- Harrera taldea: Etorkin berriei harrera nola egin landuko duena
- Euskara taldea: hizkuntza aniztasuna kudeatzea du helburu nagusi, euskara ikasteko aukera berriak sortzearekin batera
- Kulturartekotasun taldea: kulturartekotasuna sustatzeko ekimenak ditu ardatz
Kulturarteko espazioaren 2. saio honetan, gai nagusi bat landuko dutela ere jakinarazi dute. Urriaren 22an ospatuko duten Kulturarteko Festaren egitaraua aurkeztu, osatu eta festarako prestaketak martxan jarriko dituzte.
Horrez gain, euskara klaseen egoera ere izango da puntuetako bat. Dagoeneko 15 lagunek izena eman dute Asteasun antolatutako AISA atzerritarrentzako ikastaroan. Ikastera animatu diren horiei ikasitakoa erabiltzen laguntzea izango da langaietako bat.
Azkenik, etorri berriei udalean eskainiko zaien gidaren zirriborroa aztertu nahi dute. Gida honek kanpotik datozenei herrira iristeko bidea erraztea du helburu, eskuorri itxura izango du, eta erroldatzera datorren herritar guztiei banatuko zaie.
Izen ematea herritar guztiei irekita dago. Dagoeneko 20 lagunek eman dute izena, baina ostiral iluntzerarte aukera izango da izen-emateko. Hortarako 626235884 zenbakira watsapa idatzita.
Bilerara asistentzia errazte aldera, zaintza Zerbitzua antolatu du udalak.