Anoetako Alkartasuna jubilatuen etxeko taberna-jatetxea kudeatzeko lizitazioa abiatu du Anoetako Udalak

Maider Navarro Alustiza 2026ko uztailaren 10a

Establezimenduak urteko 21.800 euro inguruko irabazi garbiak izatea aurreikusten da, eta esleipendunak ez du inbertsio handirik egin beharko lokalean. Proposamenak aurkezteko epea uztailaren 22ko 14:00etan amaituko da.

Anoetako Udalak deialdi publikoa ireki du Alkartasuna jubilatuen etxeko taberna-jatetxearen kudeaketa berria kontratatzeko. Aurreko emakida amaitu ostean, Udalak urgentziazko eta etenik gabeko prozedura ireki baten aldeko apustua egin du, herriko erretiratuen eta herritarren bilgune nagusia den gune honen gizarte- eta aisialdi-zerbitzua bermatzeko eta itxiera ekiditeko.

Gune honek izaera publiko eta gizarte-interes nabarmena du, herrian sozializazioa eta gizarte-kohesioa indartzen dituelako. Kudeaketa berriarekin ustiapen-arriskua enpresa esleipendun pribatuaren esku geratuko den arren, Udalak kontrol-ahalmena gordeko du jarduera ekonomiko bideragarria bermatzeko. Izan ere, Udalak ez du zerbitzua zuzenean finantzatzen (erabiltzaileek ordaintzen dituzte kontsumizioak) eta ustiapenaren truke kanon bat jasoko du.

Negozio bideragarria eta kontratuaren baldintzak

Udalak egindako azterketa ekonomikoaren arabera, negozioak finantza-iraunkortasun argia du eta ez du gastu zuzenik sortuko udal-kutsetarako. Aurreko urteetako datuak, lau langileko plantilla eta establezimenduaren edukiera oinarri hartuta, urteko 167.520 euro inguruko fakturazioa estimatzen da (barra, eguneko menuak eta asteburuko otorduak barne). Gastu guztiak —soldatak, kanona eta gastu orokorrak— kenduta, urteko 21.800 euro inguruko irabazi garbia aurreikusten da. Gainera, lokalak ez du inbertsio handirik eskatuko.

Hauek dira lizitazioaren baldintza nagusiak:

  • Iraupena: Kontratuak 2 urteko epea izango du hasieran, eta urtez urte luzatu ahal izango da, gehienez beste 3 urtez.
  • Kanona: Urteko lizitazio-aurrekontua 9.000 eurokoa da (BEZa barne).
  • Esleipena: Establezimendu bakarra denez eta jarduera ezin denez zatitu, kontratua enpresa bakar bati esleituko zaio osorik. Udalak ez du bere kabuz zerbitzua emateko baliabide pertsonalik eta, beraz, kanpoko enpresa espezializatu bat kontratatuko du.

Proposamenak aurkezteko epea

Parte hartu nahi duten enpresek uztailaren 22ko 14:00ak arte izango dute proposamenak telematikoki aurkezteko epea. Pleguak eta dokumentazio guztia anoeta.eus webgunean daude eskuragarri. Zalantzak argitzeko, interesatuek idazkaritza@anoeta.eus helbidera idatz dezakete.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA