"Gazteon Anoeta" aurkeztu dute DBH3ko ikasleek: gazteek gazteentzat sortutako udako aisialdi eskaintza

Maider Navarro Alustiza 2026ko ekainaren 10a

Azken hilabeteetan egindako lanketa sakon baten ondoren, uztailean zehar egingo den aisialdi egitaraua ezagutarazi dute Anoetako gazteek, bertaratutako herritarren aurrean irakurri duten manifestu baten bidez.

Azken urteetan maiz entzun da gazteek herrian gero eta gutxiago parte hartzen dutela, pantailei begira denbora gehiago pasatzen dutela edo euren harremantzeko modua indibidualistagoa dela. Gazteek beraiek ere sentitzen zuten Anoetan ez zutela espaziorik ez ahotsik, eta herriko ekintzetatik urrun zeudela. "Ematen du gazte eta nerabeez asko hitz egiten dela, baina, nork hitz egiten du gurekin?", galdetu dute agerraldian. Proiektu honek, hain zuzen ere, errealitate hori aldatzeko aukera eman die.

Herria eraikitzeko prest daude

Ikasleek azaldu dutenez, "Gazteon Anoeta" ez da uda honetarako egitarau soil bat; gazteek herrian duten lekua "birpentsatzeko" aukera handi bat izan da. Lehen aldiz, euren ideiak entzunak eta iritziak kontuan hartuak izan direla azpimarratu dute. Prozesu osoa (pentsatu, prestatu eta antolatu) euren kabuz egin dute, eta horrek argi erakutsi die herria eraikitzeko, elkarrekin lan egiteko eta giro ezberdin bat sortzeko gai direla.

Hori guztia posible egiteko, gazteek eskerrak eman nahi izan dizkiete bidean bidelagun izan dituzten eragile guztiei: Anoetako eta Irurako gaztelekuko hezitzaileei, Gazte Asanbladari, Ikastolari, kale hezitzaileei, eta Udaleko Komunikazio langileari zein Gazteria Sailari, euren ideiak serio hartzeagatik.

Aurkezpenean, gainera, pankartak egin eta plazan eskegi dituzte proiektuari ikusgarritasun handiagoa emateko.

Uztaileko egitaraua: harreman berriak sortzeko gunea

Uda honetarako prestatu duten eskaintza zabala da, eta herriko gazteen arteko harremanak sustatzea eta hainbat espazio beste modu batera erabiltzea du helburu. Hauek dira uztailean zehar egingo diren ekintza nagusiak:

  • Ginkana: DBHko ikasleek ondo pasatzeko bereziki pentsatua eta antolatua.
  • Kirolak: Hainbat txapelketa jendetsu (Volley, futbola, soka-tira eta brilleta).
  • Kultura: Sormena landu eta gozatzeko tailerrak eta kontzertuak.
  • Gazteon Afaria: Elkarrekin egoteko eta momentu politekin gozatzeko hitzordua.

Amaitzeko, gazteek dei eta eskakizun zuzena egin diete herritar guztiei: gazteengana gerturatzeko, ekimena babesteko eta hau guztion artean bizitzeko. Giroari hasiera emateko, oihartzun argia utzi dute plazan: "Gora Gazteon Anoeta!".

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA