Herri hausnarketatik ekintzara
Duela hilabete batzuk martxan jarri zen prozesu honen helburu nagusia zaintza herriaren erdigunean jartzea izan da. Elkarlan publiko-komunitario baten bitartez, herritarrek eta eragileek aktiboki parte hartu dute Anoetak zaintzaren alorrean duen egoera aztertzen.
Prozesua galdeketa soil batekin hasi zen, herritarren iritziak eta bizipenak jasotzeko. "Argazki" horrek oinarri sendoa eman zuen herriaren beharrak identifikatzeko. Ondoren, inplikazio zuzena duten eragileekin eta herritarrekin egindako lan saioek Zaintza Plana bera gorpuztu dute, hemendik aurrera herrian martxan jarriko diren esku-hartzeak zehaztuz.
Guztien arteko eta guztientzako plana
Zaintza ez da kontu isolatu bat; eguneroko bizitzan guztioi eragiten digun gai unibertsala da. Izan gaur edo bihar, familian, auzoan nahiz herrian, zaintza-beharrak bizitzaren zati handi bat dira. Horregatik, Udalak eta prozesuko kideek dei berezia egin nahi diete anoetar guztiei martxoaren 10eko topaketan parte har dezaten. Azken hilabeteetako lanaren emaitzak ezagutzeaz gain, etorkizuneko erronkak partekatuko dira.