3,8 milioi euro bideratu dituzte saneamendu obra eta bidegorria egiteko

Olaia Garmendia Ancisar 2024ko urtarrilaren 19a

Amezketa eta Oria ibaien ingurumen-kalitatea hobetzea eta mugikortasun jasangarria bultzatzea da helburua. Obrak iazko azaroaren erdialdean hasi ziren eta 18 hilabeteko gauzatze epea dute.

Lehenengo fasean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak sustatutako saneamendu-sare bereizlearen xedea Amezketako udalerriko hondakin-urak biltzea da, herrigunea zeharkatuz, Ergoiena auzotik Ugarte auzora. Bigarren fasean, saneamendua gauzatuko da Ugartetik Alegiara, Oria Erdiko Hodi Biltzailearekin konektatuta, hondakin-urak modu zentralizatuan bideratu eta kudea daitezen Uraldeko araztegian, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak Adunan duen araztegian. Aldi berean, Abaltzisketako udalerritik datozen hondakin-urak ere jasoko dira, eta bigarren fasea amaitzean, Alegiako Errotaldea, Larraitz auzoa eta Beistin auzoko hiri-isurketak gehituko dira.

Bilketa modu sekuentzialean egingo da, eta intertzeptore berrian sartuko dira, lehentasun-mailen arabera, efizientzia-irizpide batean oinarrituta, jarduketa bakoitzerako aurreikusitako kostua, jasotzen diren biztanleak eta ingurumen-onura kontuan hartuta.
Aztergai dugun kasuan, obra horietan ur beltzen kolektore nagusi berri bat egitea aurreikusten da, 3.100 m, eta 300 m gehiago bigarren mailako hainbat konexio-adarretan, 315 mm-ko diametroko PVCzko hoditeriaren bidez. Egin beharreko sare osoak 125 erregistro-putzu eta kutxatila ditu, eta in situ eta hormigoizko elementu aurrefabrikatuen bidez eraikitzea aurreikusita dago. Amezketatik Ugarterako ur-hornidurako eroanbidea berritzeko, galdaketako 1.800 ml-ko hoditeria instalatu beharko da, 100 mm-ko diametrokoa, eta suteen aurkako 3 ur-hargune.

Era berean, saneamendu-kolektorearen eta bizikleta-oinezkoentzako bidearen obrak egingo direla aprobetxatuz, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak Ugarterako ur-hornidurako eroanbidea berrituko du, saneamenduarekin paraleloan; eta, era berean, Amezketako Udalak eta Nortegaseko Udalak gas-azpiegitura bat jarriko dute Ugarterako.

Bizikleta eta oinezkoentzako bidea

Bestalde, proiektu honek GI-2133 errepidearekiko paraleloa den oinezkoentzako bizikleta-bide berri bat eraikitzea ere barne hartzen du, Amezketako herrigunetik Ugarte auzoraino. Bide horrek 3,00 m-ko zabalera izango du eta  1.750 m-ko luzeera.

Obrak iazko azaroaren erdialdean hasi ziren, eta Amezketa eta Oria ibaien ingurumen-kalitatea hobetzea eta Amezketako mugikortasun jasangarria sustatzea dute helburu. Proiektu hori AMEZKETA UTEari esleitu zaio (Jaizubia Obras y Servicios SL – Afaltia), eta 18 hilabeteko epea du gauzatzeko.

Jarduerak, guztira, 3.865.515,72 euroko aurrekontua du (BEZa barne), eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak, 811.889,26 euro finantzatzen ditu. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuak 1.022.972,69 euro ordaintzen ditu, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak 1.046.064,37 euro bideratzen dituen bitartean, eta Amezketako Udalak gainerako 984.589,40 euroak bere gain hartzen ditu.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA