Amasa-Villabonako Behar Zana PE Bola Taldeak antolatuta, herriko bolatokian VII. Behar Zana Udazken Bola Txapelketa jokatuko da. Bertan Gipuzkoako 25 bikotek parte hartuko dute, horietatik hiru izango dira Bahar Zanakoak.
Larunbatean 8:30ean hasita jokatuko dira txapelketaren final laurdenak. Saigots eta Ramon Iglesiak bikoak Aner eta Ibon Miner izango dituzte aurkari lehen kanporaketan. Ondoren, Xabier eta Josu Lazkanok, Jexux Albeniz eta Olatz Larrañagaren kontra jokatu beharko dute final erdietarako txartela. Hirugarren kanporaketan, Enrike Lopetegi eta Txema Fernandez, Mikel Arroyo eta Beatriz Unzueren kontra arituko dira lehian; azken kanporaketan, Sergio Aristi - Jexux Atorrasagasti bikoak Ander eta Joxe Mari Etxebeste izango dituzte aurrean. Lau kanporaketa huetako irabazleek 10:50etik aurrera jokatuko dituzte final erdietako kanporaketak. Finala 12:10etatik aurrera jokatzea aurreikusten da.
Txapelketa honetan Gipuzkoako 14 herritako bolariak ari dira parte hartzen, Tolosaldeak Belauntzako eta Amasa-Villabonako ordezkariak ditu. Lehian ari diren 50 bolarietatik 10 emakumezkoak dira eta 40 gizonezkoak. Adin tarteari dagokionean, parte hartzaile gazteena Ander Etxebeste da, 15 urte ditu; beteranoena berriz, Patxi Arrondo, 80 urte dauzka honek.