Aurtengo kontsumo-bonoen berrikuntza da bonoak erosketa egiterakoan bertan eskuratu beharko direla. Gainera, digitalak izango dira, hau da, ez dira aurrez paperean inprimatuak egongo. Kanpainan parte hartuko duten merkatariek zuzenean aplikatuko dituzte bonoak erosketa egiten den unean bertan, ezingo dira aurrez eskuratu.
Bonoek 5 euroko balioa izango dute, eta guztira 11.400 bono egongo dira eskurgarri. 16 urtetik gorako pertsona guztiek izango dute bonoak erabiltzeko aukera, haien bizilekua edozein delarik ere. Baina, pertsona bakoitzak, gehienez ere, 6 bono erabili ahal izango ditu denda bakoitzeko. Kanpaina berri honetan parte hartu nahi duten merkatariek aurrez izena eman beharko dute, horretarako villabona.eus webgunean dagoen galdetegia bete beharko da uztailaren 22a baino lehen. Bonuak modu proportzionalean banatuko dira kanpainan parte hartzen duten establezimendu guztien artean.