Aizkardiko Ibilaldian izena emateko epea martxoaren 1ean irekiko da

Joanes Imaz Akizu 2024ko otsailaren 29a

Martxoaren 24an egingo da Aizkardiko Ibilaldiaren 55. edizioa, bertan parte hartu nahi duenak ostiraletik, martxoaren 1etik, aurrera izango du horretarako aukera. Interesa duenak, zirkuitua.com-en eman beharko du izena hilaren 22a bitartean, proba egunean izena emateko aukerarik ez da izango.

Aizkardiko Ibilaldia egin nahi dutenek, aurten ere bi ibilbide izango dituzte aukeran; motzak 23 kilometroko luzera izango du eta 1.100 metroko desnibela, parte hartzaileak goizeko 8:00etan abiatuko dira Villabonako Malkar plazatik. Antolatzaileek sei orduan egiteko modu martxa dela aurreikusten dute.

Ibilbide luzeak berriz, 43 kilometroko luzera eta 2600 metroko desnibel positiboa edukiko du. Kasu honetan, goizeko 6:30ean abiatuko dira parte hartzaileak eta 10 ordu inguruan egingo dute itzulia.

Aurreko urteetan bezala, jan edanak parte hartzaileek eraman beharko dituzte, dutxa zerbitzua eskainiko da eta arratsaldeko 17:00etan partaideen artean mendiko materiala eta opariak zozkatuko dira. Bezperan Villabonan lo egin nahi duenarentzat, lokal batean koltxonetak jarriko dira.

DESKARGATU GURE APPa!

Bilatu 28 Kanala zure Android eta iOS aplikazio bilatzailean eta deskargatu. Bertan 28KanalaKide txartel digitalak eskaintzen dizuten abantailez gozatzeko aukera izango duzu.


APLIKAZIOA